Aritz Erkiagak eta Mikel Manzisidorrek jantzi dute Berriatuko 33. Desanexio Txapelketako txapela
Puntista ispastertarrak eta mutrikuarrak partida oso lehiatua eta bizia jokatu dute Alex Hormaetxea bermeotarraren eta Roberto Lekue ondarrutarraren aurka, 30-26 nagusitu dira markagailuan.
Aritz Erkiaga ispastertarrak eta Mikel Manzisidor mutrikuarrak osatutako bikotea nagusitu zen zapatuan [azaroak 23] Berriatuko Mendibarren frontoian lehiatutako elite mailako 33. Desanexio Txapelketaren (IV. Luis Bilbao oroimenezkoa) finalean. Alex Hormaetxea bermeotarrari eta Roberto Lekue ondarrutarrari 30-26 irabazi zieten. Erkiaga eta Manzi txapelketa irabazteko faboritoak ziren, eta aurkariak oso indartsuak baziren ere, txapela lortzerako orduan ez zuten hutsik egin. Ispastertarra eta mutrikuarra partiduaren hasieratik aurrean ipini ziren, eta hasieran lortutako hiruzpalau tantoko aldeari eutsita, txapelketa poltsikoratu zuten.
Elite mailako norgehiagokez gain, kadete, gazte eta nagusi mailako finalak ere hartu zituen Mendibarren pilotalekuak zapatuan. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, final guztiak oso lehiatuak, gogorrak eta ikusgarriak izan ziren. “Pilotalekuko harmailak gora arte bete ziren; jende asko batu zen, aspaldikorik gehien. Ikusleek oso gustura irten zuten, maila handiko partiduak ikusteko aukera eduki zuten”. Antolatzaileek esan dutenez, maila oso oneko txapelketa izan da aurtengoa. “Finalerako sailkatu ez direnek ere maila ederra erakutsi dute. Euskal Herrian maila onerik duten puntistak eduki ditugu, eta hori poztekoa da”.
Kadete mailakoak kantxaratu ziren lehenengo. Gonzalo eta Julen zumaiarrek 30-27 mendean hartu zituzten Arratibel eta Moreno gernikarrak. Partidu oso gogorra eta lehiatua jokatu zuten bi bikoteek. Zumaiarrak aurretik ibili ziren hasieratik, eta lehen zatian lortutako abantailari esker nagusitu ziren.
Jarraian, gazte mailako finala jokatu zuten. Lekerika eta Argoitia I.a nagusitu ziren; 30-28 irabazi zieten Ibarluzea eta Atain markina-xemeindarrei. Gernikarrak eta Berriatuarrak bikain jokatu zuten, eta Argoitia I.a, berez, alebina bada ere, eta 12 urte besterik ez baditu ere, Lekerika aurrelariagaz batera oso ondo moldatu zen atzealdeko jokoan. Lekerika eta Argoitia galtzen hasi ziren, hiruzpalau tanto atzetik joan ziren. Baina 20. tantora ailegatu orduko, aurkariei aurrea hartu zien txapela bereganatuz.
Arratsaldeko hirugarren finala nagusi mailakoa izan zen. Katxito eta Andonegiri 25-30 irabazita, nagusi mailako txapela jantzi zuten Eduardok eta Mandiolak. Partidu zirraragarria eskaini zuten. Eduardo eta Mandiola hasieratik aurretik ipini ziren. Bizpahiru tanto aurretik ibili ziren, eta azkenean errenkadan egindako tantoei esker abantaila handitu zuten.
Desanexio txapelketaren finalez gain, Berritxu Zesta Eskolako umeek ere erakustaldi ederra eskaini zuten. Benjamin, kimu eta txiki mailetako ikasleen kinielekin gozatu ederra hartu zuten Mendibarrera bertaratu zirenek.