Espainiako txapelketa bereganatu du Ager Solabarrieta ondarrutarrak
Euskarri gabeko 60 tiro zutikako kategoriako lehen postuaz gain, hirugarren postua lortu du euskarri gabeko 60 tiro etzandako kategorian. Aurtengoagaz, hiru bidar irabazi du txapelketa.
Asteburuan Logroñon (Espainia) jokatu den Espainiako Tiro Olinpiko Txapelketa irabazi dute Ager Solabarrieta tiratzaile olinpiko ondarrutarrak eta Maite Badiola haren laguntzaileak, euskarri gabeko 60 tiro zutikako kategorian. Zapatu [azaroak 23] arratsaldean lehiatu zuten zutikako kategorian 554,2 puntu eskuratu dituzte.
Solabarrietak agertu duenez, iaz lortutako bigarren postua hobetu dute aurten; txapelketa, gainera, hirugarren bidar irabazi du. “Hirugarren seriean hiruzpalau tiro eskas bota nituen. Hiru zazpiko eta seiko bat sartu nituen bata bestearen atzetik. Baina, hala ere, gustura amaitu nuen tiraldia”.
Zutikako kategorian ezeze, euskarri gabeko 60 tiro etzandako kategorian ere parte hartu zuten ondarrutarrek domeka [azaroak 24] goizean. Hirugarren amaitu dute txapelketa, 604,6 puntugaz; zehatz esanda, lehen sailkatuak baino sei puntu gutxiago eskuratu ditu eta bigarren sailkatuak baino hiru gutxiago. “Puntuazio aldetik ez da oso txarra, baina ez nuen gustura tiro egin. Ez nuen asmatu. Esate baterako, zortzi puntuko bi sartu nituen, eta, egia esan, etzandako kategorian hori baino hobeto egitera ohituta nago. Entrenamendu saioetan askoz hobeto ibili naiz, eta horren arabera, hobeto egin behar nuen, baina ez nuen eguna eduki”.
Espainiako txapelketa jokatu ostean, aurtengo denboraldia amaitutzat eman dute Solabarrietak eta Badiola. “Ustez, ez dut beste txapelketarik”. Orain, atseden hartu, eta hurrengo denboraldirako prestatzen hasiko dela iragarri du tiratzaile ondarrutarrak. “Beti egoten da zer hobetu. Denboraldian igarri ditugun akatsak zuzentzeari eta mantendu beharreko posizioa hobetzeari ekingo diot hurrengo entrenamendu saioetan. “Urtarrilaren erdialdean Euskal Herriko txapelketa daukat, eta hara begira buru-belarri ipiniko naiz laister”.