250 bat lagun batuko ditu Berriatuko VI. Erroak Loran jaialdiko bazkariak
Beste behin ere, berriatuarrek era berezian agurtuko dute azaroa; herriko jairik kuttunenagaz. Zapatuan [azaroak 30], hain zuzen ere, herritartasuna azal-azalean daramatela erakusteko jairik herrikoiena ospatuko dute seigarrenez: Erroak Loran. Fuksia koloreko zapia lepoa ipinita jaian murgiltzeko prest daude beste behin ere berriatuarrak.
Goikolau Kultur Elkarteak bultzatutako jai egunak herritar nortasuna festa giroan aldarrikatzea du helburu, eta oraingoan ere helburu horri eutsita ekingo diote ospakizunei. Ohi modura, 15:00ak bueltan Mendibarren frontoian egingo duten bazkari herrikoia izango da jende gehien batuko duen ekintza. Eta bertan parte hartuko duten herritar kopuru zehatza aurreratzerik ez badago ere, antolatzaileek 250 bat herritar batzea espero dute.
Mahaiaren bueltan batuko direnek bertoko produktuekin egindako menua izango dute aukeran. Helduek indar jana egingo dute, sakramentu eta guzti. Gazteenek, berriz, paella jango dute. Antolatzaileek iragarri dutenez, txartelak udaletxean daude salgai, eta horiek erosteko azken eguna biharkoa [azaroak 28] izango da.
Jai usaina, baina, bazkal aurretik hasiko dira han-hemenka zabaltzen. Jaia urteroko formatuan egingo dute, eta, ohi modura, ekintza guztietan herritarrak bihurtuko dira protagonista. Boluntarioak 09:00ak bueltan hasiko dira bazkaritarako indarrak prestatzen. 12:30ak bueltan, berriz, Tarineko musikariek kalejira egingo dute herrian zehar, frontoitik hasita. 13:00etan Bakene Erkiagaren eta Mikel Aristiren zaldi eta bizikleta desafioa ikusteko aukera egongo da. 13:20ean, herritarrak frontoira batzeko kalejira egingo dute Tarineko musikariek eta Saratseko dantzariek, plazatik irtenda.
Behin frontoira ailegatuta, aurtengo omenduek dantza saioa eskainiko dute; Eguzki Dantza izango da azken dantza. Eliz Abesbatzako kideek hartuko dute dantzarien lekukoa. “Jendeak ere kantuan parte hartzeko”, kanta herrikoiak abestu dituzte; tartean, Berriatuko ereserkia ere bai.
Bazkalostea ere girotsu joango dela aurreratu dute antolatzaileek. Bazkalosteko giroa euskal dantzaldiagaz luzatuko dute gauera arte. “Nahi duten herritarrek dantzan egiteko tartea edukiko dute”.
IAZKO ARGAZKI GALERIA, IKUSGAI: