Ondarroako Bekozinin jokatuko da Euskerean Eupadea lehiaketaren finala
Eskualdeko zazpi talde igaro dira finalera eta lau proba gainditu beharko dituzte. Lehiaketaren helburua «denen artean ondo pasatzea» dela azpimarratu dute antolatzaileek.
Euskararen Eupadea! Lea-Artibaiko gaztetxoen arteko taldekako lehiaketaren kanporaketa guztiak erabakita, final handia egongo da jokoan domekan, Ondarroako Bekozinin. Zazpi taldek neurtuko dituzte indarrak, 18:00etan hasiko den ekitaldian.
Guztira, zazpi kanporaketa lehiatu dira Ziortza-Bolibarren, Berriatun eta Aulestin. Kanporaketa bakoitzetik talde bat igaro da Ondarroako finalera. «Pozik gaude finalean herri ezberdinetako taldeak egongo direlako. Markina-Xemeingo talde bi, Berriatuko bat eta Ondarroako lau talde ailegatu dira finalera», azaldu dute lehiaketa antolatu duten Herribixiko kideek.
Jakitera eman dutenez, lau proba gainditu beharko dituzte parte hartzaileek, eta puntuak lortzen joango dira. Puntu gehien lortzen dituen taldeak eramango du sari nagusia.
Probak. Zazpi taldeak batera igoko dira Bekoziniko oholtzara, eta txandaka egingo dituzte probak. Lehenengo proba mimikakoa izango da. «Gorputz adierazpenaren bidez taldeko kide batek zer edo zer adierazi beharko du eta beste taldekideek asmatu egin beharko dute».
Erakutsiko dizkieten argazkietan ageri dena ere asmatu beharko dute. Esate baterako, nor den argazkian ageri den eskualdeko kulturgilea, zein herritan egiten den argazkian ageri den kultur ekintza edota eskualdeko zein herritan dagoen argazkian ageri den lekua. Talde bakoitzari hiru argazki erakutsiko dizkiote horretarako prestatuko duten pantaila erraldoian. Laguntza modura, baina, aukera bi emango dizkiete antolatzaileek.
Horrez gain bertsotan ere jardun beharko dute. Hala, talde bakoitzari eskualdeko bertsolari baten bertso bat egokituko zaio, eta azken hiru errimak asmatu beharko dituzte. «Aukera ezberdinen artean zein berba den egokiena igarri beharko dute bertsoa osatu ahal izateko».
Azkenik, inprobisazio jolasa egingo dute. Objetu batzuk emango dizkiete antolatzaileek eta 10 minutu izango dituzte antzerki labur bat prestatzeko. Gero, publiko aurrean antzeztu beharko dute.
«Formatua lehiaketa batekoa bada ere, helburua dene artean ondo pasatzea da, lehiaketa kutsu hori albo batera utzita». Hori dela eta, parte hartzaile guztiek edukiko dute saria. “Jende asko batu da kanporaketetan, eta parte hartzaileak ere oso animatuta ikusi ditugu. Finalean ere horrela izatea espero dugu”.
FINALEKO TALDEAK
- Ahuak Emonala, Ondarroa.
- Txori-Txoro, Berriatua.
- Axuetak, Ondarroa.
- Markinarak, Markina-Xemein.
- Kakalarduk, Ondarroa.
- Txotxinpetrak, Ondarroa.
- Txirritxiki, Markina-Xemein.