Udalei zuzendutako hizkuntza eskubideen protokoloa sortu du Kontseiluak
Euskalgintzak eta udalek elkarrekin jarduteko bitartekoa izateko sortu dute; politikatik gobernantzara jauzia emateko tresna da. Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloan oinarrituta dago.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Hizkuntza Eskubideen Protokoloa: Udal Garapena izeneko tresna egin du. Udal errealitate ezberdinei erantzuten dion gida da, “euskalgintzak eta udalek elkarrekin jarduteko bitartekoa, politikatik gobernantzara jauzia egiteko tresna”.
2016ko abenduaren 17an aurkezturiko Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloan oinarrituriko dokumentua da. Ildo horretatik, Paul Bilbao Sarria Kontseiluaren idazkari nagusiak esan modura, tresna berriak protokolo nagusiaren balioak ditu oinarri: Hizkuntza-eskubideen aitortza, araudi egokia, neurri zuzentzaileak hartzea, baliabideak bermatzea, neurri positiboak hartzea, hizkuntza-politikaren zehar-lerrotasuna aplikatzea, etab.
Udalen eskumenak. Bilbaoren berbetan, udalek hizkuntza-politikak garatzeko “eskumen handiak” dituzte eta “askatasuna” daukate urrats eragingarriak egiteko.
“Horrexegatik erabaki zuen Kontseiluak udaletako hizkuntza-politiketan zuzenean eragiteko proposamena egitea. Batzuetan eskumen osoa dutelako, besteetan partekatua duelako, beste batzuetan zuzenean edo zeharka laguntzen dutelako eta, azkenik, hainbatetan udala zerbitzu hartzaile edo kontsumitzaile delako hainbat eremutan eragiteko aukera ikaragarriak ditu”, azaldu du Kontseiluaren idazkari nagusiak.
Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren balioak gogora ekarri ditu, “errealitate desberdinei erantzun ahal dien tresna” izateko helburua daukala azpimarratuz.
Elkarbizitza demokratikoa. Udal Garapenak “politika integralak edota eremukakoak planteatzeko” aukera emango duela uste dute. Besteren artean, hezkuntza (aisialdia, musika-eskola…), onomastika, eremu sozioekonomikoa, hedabideak, teknologia berriak eta kultura eremuak aitatu dituzte. “Eskubideen bermearen alde egiteak harreman eta elkarbizitza eredu demokratikoari eragiten dio”, nabarmendu du Bilbaok, Udal Garapenak eskaintzen duen aukerarekin bat egitera animatuz.
Hain zuzen, Gasteizko Euskararen Etxean azaro hasieran egindako aurkezpenean Euskalgintzaren, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, UEMAren, Udalbiltzaren eta hainbat eragile sindika eta politikoen babesa jaso zuen Kontseiluak. Gainera, UEMAren, EUDELen, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren eta Udalbiltzaren ordezkariekin batzartuko dira Kontseiluaren ordezkariak.