Mutrikuko Udalak Bentalekua berreraikitzeko lehen faseari ekin dio
Lehenengo fasean dokumentazioa landu, berreskuratu daitekeena desmuntatu eta egonkortu egingo dute. Lehen faseko lanek hiru hilabete iraungo dutela aurreikusi dute. Bigarren fasea Bentalekua berreraikitzea izango da, baina datak ez daude zehaztuta.
Mutrikuko Udalak abian jarri ditu 2017ko otsailean erre zen Bentalekua berreskuratzeko lanak. Azaldu dutenez, Bentalekuak “berebiziko garrantzia” du, eta arrantzarekin lotutako ondarea den aldetik, berreskuratzeko lanak hastea ezinbestekotzat ikusten zuten. Proiektua bi fasetan egingo dela esan dute. Udal brigadak lagunduta, Aranzadi zientzia elkarteko lan talde bat gaur [azaroak 29] hasi da lehenengo faseko lanak egiten.
Lehenengo fasean dokumentazioa landu eta berreskuratu daitekeena desmuntatu eta egonkortu egingo dutela diote. “Desmuntaia egin aurretik jatorrizko egitura dokumentatuko da Aranzadi zientzia elkartearekin”. Dokumentazio lanak egin ondoren, desmuntaian kontserbatu daitezkeen piezak sailkatu egingo dira eta dokumentazio lanetan egindako planoetan pieza bakoitzaren kokaleku zehatza zein den jasoko da. Horrez gain, pieza guztiak garbitu egingo dituzte, eta pipiaren kontrako tratamendua ere emango diete. Ostean, pieza guztiak Mutrikuko Udalak erabakiko duen lekuren batean gordeko dituzte, bigarren faseko lanak hasi arte. Lehenengo faseko lan horiek guztiak egiteko hiru hilabete beharko dituztela aurreratu dute; martxorako amaituta egon beharko lukete.
Lehenengo fasea garatzeko, lehendabizi proiektu txiki bat egin behar izan zutela argitu dute. “Ondoren Eusko Jaurlaritzako Portu Delegaritzari lanak aurrera eraman ahal izateko baimena eskatu zitzaion. Baimen hori lortzeko, baina, gauzatze proiektu bat egin behar izan da, bai eta segurtasun eta osasun plan bat ere”. Azkenik, lanak Jaurlaritzaren Lan eta Justizia Sailean Lantokiaren irekieraren edo jarduera abiaraztearen komunikazioa egin eta gero hasi dituztela esan dute.
Bigarren fasea Bentalekua berreraikitzea izango dela zehaztu dute. Dena dela, bigarren fasea noiz hasiko den oraindik ez dutela zehaztu diote.
Sutearen eraginak. Sutearen ondorioz, egituraren zati bat eta eraikineko lurraren zati bat guztiz kiskalita geratu zirela esan dute. “Mekanismoaren pieza batzuk beheko solairura eroritako hondakinekin batera daude”. Kalte handienak, baina, erdiko egituran gertatu zirela diote. “Egur guztia eta bolak biltzen zituen metalezko inbutua desagertuta daude”. Dena dela, aulkietako batzuk azaleko kalteak baino ez dituztela gaineratu dute. “Eta egurra ere egoera onean dago”.
Mutrikuko eta Zumaiko bentaleku zaharrak arrantzarekin lotutako jakintza eta ondarearen ordezkariak dira, eta horiek babestea eta errekuperatzea merezi duela uste du udalak
Bentalekua erre zenetik, udala hura berreskuratzeko zeintzuk pauso eman beharko liratekeen aztertzen aritu dela esan dute. “Bentaleku zaharra enkantean arraina erosteko lehentasunak finkatzeko erabiltzen zen, eta sistema hori guztiz mekanikoa zen. Hau da, Bentaleku zaharreko mekanismoa gaur egungo sistema elektronikoaren aitzindari eta beste garai batzuen lekuko bizia zen”.
Mutrikuko Bentalekuan zegoen sistema bera euskal kostaldeko herri gehiagotan ere erabili izan bazen ere, Mutrikukoa eta Zumaiakoa ziren zutik eta egoera onean mantentzen ziren bakarrak; bi herriak Euskal Kostaldeko Unesco Geoparkean kokatuta daude. “Interes etnografiko handiko elementuak dira. Arrantzarekin lotutako jakintza eta ondarearen ordezkariak dira, eta horiek babestea eta errekuperatzea merezi duela uste dugu”, diote udal ordezkariek.
Arrantzarekin lotutako ondarea izateaz gain, Bentaleku zaharrak belaunaldien arteko lotura ahalbidetzen zuela ere esan dute. “Izan ere, azken hamarkadetan gizartea azkar eraldatu da, eta arrantza zein berarekin lotutako ofizioak desagertuz joan dira”. Bentalekua Mutrikuren nortasun ikurretako bat dela eta ahaztuta geratzeko arriskuan dagoela ere esan dute. “Gaur egun dagoen egoeran ezin da erabili, ez eta belaunaldi berriei erakutsi ere”.
HONEKIN LOTUTA: Kofradia Zaharra eta Bentalekua erre zireneko albistea