Ondarroako Danonartin elkarteak martxan jarraituko du, herritarrei esker
Taldea osatzen zuten boluntario taldea ez zela sendoa eta, elkarteko kideek azaroaren erdialdera esan zuten jarduna eten egingo zutela, behin behinean.
Ondarroako Udalak jakinarazi duenez, Danonartin elkarteak martxan jarraituko du. Elkarteak azaroaren erdialdera esan zuen boluntario taldea ez zela sendoa, eta horregatik, jarduna etengo zutela. Horren harira, udalak eta elkarteak taldera boluntario gehiago batzeko bilera egin zuten azaroaren 26an. Deialdira 35 herritar aurkeztu ziren. “Horiei esker, Danonartin proiektuak martxan jarraitu ahal izango du”, esan dute Ondarroako Udal ordezkariek.
Ongizate Batzordeko kideek eskerrak eman nahi izan dizkiete hilaren 26ko bilerara agertu ziren herritar guztiei. “Beraien borondaterik gabe proiektuak ezingo zuen aurrera jarraitu”. Bide beretik, nazio mailako janari bilketa joan den astean hasi bazen ere, Ondarroan abenduaren 13 arratsaldean eta 14 goizean egingo dela iragarri dute. “Bi egun horietan herriko janari denden atarietan egingo da bilketa”.
Gaineratu dutenez, batzarrean erabaki zen elkarteak egiten dituen lanak lau ataletan banatu eta talde bakoitza atal batekin arduratzea. Ondoak dira taldeka banatutako lanak: Elikagai Bankutik etortzen den kamioiaren deskarga (hilabetean behin), Ondarroako dendetan janari bilketak egitea (talde honetako kideek erabakiko dituzte ordutegia eta maiztasuna), banaketa egunerako kaxak edo loteak prestatzea (hilabetean behin, taldekideek erabakitzen duten egun eta orduan) eta banaketa (hilabetean behin Gizarte Zerbitzuek esleitutakoaren araberako banaketa egin Danonartin elkartearen lokalean).
Ongizate Batzordetik azpimarratu dutenez batzarrean parte hartu zuten herritarrek “talde oso aberatsa” osatu dute, adin eta profil desberdinetakoa: “Oso pozik gaude herritarren erantzunagaz”. Dena dela, oraindik ere taldera gehitzeko aukera badagoela esan dute. Proiektuan murgildu eta boluntario gisa aipatutako lanen bat egiteko prest dauden herritarrek danonartin@hotmail.com helbide elektronikora mezu bat bidali ahal dute.