Plaza guztiak prest, Euskararen Eguna ospatzeko
Euskararen aldeko herri mugimenduen eta euskal erakundeen arteko elkarlanaren balioa azpimarratzen du euskal erakundeek kaleratutako adierazpen bateratuak. Horren adibide dira Lea-Artibai eta Mutrikuko bizilagunak ere.
Euskal erakundeek adierazpen bateratua kaleratu dute abenduaren 3an izango den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira. Bide berriak, modu berriak. Ongi etorriak etorkizunera! izenburupean, Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako Udalek, Eudelek eta Uemak nabarmendu dute ezinbestekoa dela euskara «etengabe eguneratzea, eraberritzea eta irudimenez biziagotzea».
Azken urteetan bezala, euskararen aldeko herri mugimenduen eta euskal erakundeen arteko elkarlanaren balioa azpimarratzen du adierazpenak, baita herritarrek euskararen aldeko bultzada horrekiko duten atxikimenduari ere. Euskarak «bide luzea egina duela» nabarmendu dute, eta, harekin batera, euskal hiztunak eta euskaltzaleak, etorkizuna irabazteko etengabeko ahaleginean aritu direla. «Bide luzea du egina euskal gizarteak euskara plaza guztietara duintasun osoz eramateko».
Eta asko lortu bada ere, egunero «gauzak egiteko moduak etengabe eguneratzea, eraberritzea, irudimenez biziagotzea» ezinbestekoa dela dio adierazpenak, eta euskalgintzan ari diren guztiak argi erakusten ari direla praktika horrekin jarraitzeko «gogotsu eta prest» daudela. Horren adibide dira Lea-Artibai eta Mutrikuko bizilagunak ere. Izan ere, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dute herrietako elkarte ezberdinek eta udalek antolatutako era guztietako ekimenekin, denen bultzadarekin euskararen erabilera sustatu eta etorkizuna euskaraz nahi dutela adierazteko.
Ekimenen artean, Arnasguneek euskararen biziberritzean duten garrantzia azpimarratzeko sortutako Arnasa Gara egitasmoa aurkeztuko dute abenduaren 1ean Markina-Xemeinen. Euskararen arnasguneak dira modu naturalean euskaraz bizi diren udalerriak, euskararen ezagutza zein erabilera % 80 inguruan dituztenak, eta Markina-Xemeingo Udalak jakinarazi duenez, azken neurketen arabera, Markina-Xemeinen % 79k daki euskaraz eta erabili % 78k egiten du.
Hain justu, Markina-Xemein bezalako herriek euskararen normalizazioan duten balioa aitortu nahi du domekan [abenduak 1], 18:00etatik aurrera, Esperantza Aretoan aurkeztuko duten ekimenak. Besteak beste, ekimen horren baitan sortu den Kartzela webserieko lehen bi kapituluak proiektatuko dituzte, eta aktoreetako bi ere bertan izango dira. Ostean, Ez da kasualitatea bertso saio musikatua izango da Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi eta Jone Uria bertsolariekin. Gai jartzailea Amaia Agirre izango da eta musikariak Araitz Bizkai eta Gari Otamendi. Eta, amaieran, luntxa eskainiko da. Udalak jakinarazi duenez, sarrera doan izango da, baina aforoa mugatua dago.
Euskaraldia. Euskaraldiaren hurrengo edizioan ere jarriko dute arreta herri askotako eragileek egunotan. Hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzea xede izan duen Euskaraldia ariketa sozialaren bigarren edizioa 2020 urteko udazkenean egingo da, eta abenduaren 3a hasiera puntua izango da herri askotan. Aurkezpenak egin eta motorrak berotzeari ekingo diote azaroaren 2020ko azaroaren 20an hasiko da bigarren ediziorako.
Bestalde, udal batzuek bideo bidez zabalduko dute Euskararen Eguneko mezua, Ondarroako Udalak esate baterako. “Euskararen mugak gure baitan daude” mezua zabaldu nahi dute aurten bideoren bidez. “Ondarrutarrok herritik kanpora euskara zabaltzeko ahalegin handiak egin ditugu betidanik; hainbat herritarren kemena, pazientzia eta ahalegin handiari esker gure hizkuntzak mugak gainditu eta eremu berrietara zabaltzea lortu du”.