Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara doaz Lea-Artibaiko hainbat herritar
HITZAk dakienera arte, Ondarroako Yaalah elkarteko kideak eta Lekeitioko Campo Optikako Batirtze Uribe Meabe dira Tinduf ingurura bidaiatuko dutenak. Gaur [azaroak 29] abiatuko dira.
Beste behin ere Lea-Artibaiko herritarrak Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara elkartasun bidaia egingo dute. Alde batetik, Lekeitioko Campo Optikako Batirtze Uribe Meabe optikaria Donostiako talde baten bidez doa gaur [azaroak 29] Argeliako Tinduf ingurura. Bestetik, Ondarroako Yaalah elkartekoak ere gaur [azaroak 29] abiatuko dira hara.
Espainiako Gobernuko Atzerri Ministeritzak Tinduf inguruan kokatuta dauden errefuxiatuen kanpalekuetara ez bidaiatzeko gomendioa egin eta gero, Lea-Artibaiko herritarrek euren babesa erakutsi nahi izan diete errefuxiatuei. Hala, ondarrutarrek zehaztu dutenez, Bir Ganduz proiektuari jarraipena ematera doaz oraingo honetan ere. “Proiektuagaz jarraitzeaz batera, errefuxiatu sahararrei eta oro har, hango herritar guztiei duten borroka zilegi dela eta haien ondoan gaudela erakustera goaz”.
Yaalah-koek diotenez, Espainiako Gobernuak gatazka “isilarazi” nahi duela esan du. “Kasualitatea da Marokoko atzerri ministroak Espainia bisitatu eta astebetera alerta mezua zabaltzea? Edo Marokoko Estatutaren estrategia polikoa da?”. Elkartekoek iritziz, Espainiako Gobernuak zabaldutako mezuak Espainiako eta Marokoko estatuek historikoki eduki duten eta gaur egun ere daukaten konplizitate polikikoagaz lotuta dago. “Ez gaituzte beldurtuko. Guk elkartasun bidaia honegaz aurrera jarraituko dugu. Bide beretik, Euskadiko Saharar Ordezkaritzak egindako adierazpenagaz bat egiten dugu. Ez dugu hasitako bidiea etengo. Eta ez ditugu kontuan hartuko Marokoko Estatuaren intereserako sortutako mezu eta oharrak”.
Lekeitioko optikako arduradunak ere errefuxiatu sahararrak babestuko ditu. “Urteak dira ni hara joaten naizela”. Oraingo honetan, baina, bestelako proiektu batekin doa. Azaldu duenez, bere profesioari jarraituz, graduatutako betaurrekoekin doa errefuxiatuen kanpalekuetara. “Han betaurrekoen beharra dutenei laguntzera goaz. Gainera, graduazio berezia dutenen kasuan, datuak hartu eta gero Euskal Herrian egingo dizkiegu betaurrekoak, eta hurrengo bidaian eraman egingo dizkiegu”. Uribek esan du abenduaren 7an itzuliko dela.
Dena dela, bertoko herritarrek ere azaldu dute Euskal Herri osoko hainbat herritar ere kanpalekuetara abiatuko direla gaur, 19:00etan, Loiuko aireportutik.