Auto batek su hartu du Mutrikun
Larrialdi zerbitzuek jakitera eman dutenez, Irigibel kaleko sutean ez da egon zauriturik. Suhiltzaileen bi kamioi behar izan dira sutea itzaltzeko.
Larrialdi zerbitzuek jakitera eman dutenez, 13:45ak inguruan, Opel Vectra markako auto batek su hartu du Mutrikuko Irigibel kalean, kiroldegitik nahikoa hurbil. Sutea handia izan baldin bada ere, ez da egon zauriturik. Udaltzaingoak HITZAri esan dioenez, autoko gidariak eman du sutearen berri. “Gidatzen zihoala motorretik kea irteten ari zela konturatu da. Autoa hegal batean aparkatu eta berehala eman du abisua”.
Ezagutzen ez diren arrazoiak tarteko, autoa azkar batean hasi da sutan, eta udaltzainak bertaratu direnerako dena sutan zegoen. “Eskuko su-itzalgailu bat eraman dugu, baina ez zen nahikoa. Suhiltzaileek itzali behar izan dute berehala zabaldu den sutea”. Suhiltzaileen bi kamioi ibili dira sua amatatzen, eta bien bitartean, herritarren segurtasuna babesteko, bidea itxita egon da. Sutea itzali denean, zirkulazioa bere horretara bueltatu da.