Izibene Oñederraren 'Lursaguak' filmak jaso du 42. Euskal Zine Bileraren Urrezko Antzarra
Zuzendaritza Onenaren saria Mikele Landak jaso du, 'Heldu' filmagatik. Gidoi Onenaren Saria Josu Martinezek eskuratu du, 'Anti' filmagatik, eta Ikusleen Saria Lekeitioko Azkue Ikastolako ikasleek egindako 'Ouija' lanak irabazi du.
42. Euskal Zine Bileraren sari banaketa ekitaldia egin zuten zapatuan [azaroak 30] Lekeition. Aurten 20 filmek parte hartu dute lehiaketan, eta horien guztien artean, Film Onenaren Saria (Urrezko Antzarra) Izibene Oñederrak zuzendutako Lursaguak lanak eskuratu du. Mikele Landak zuzendari onenaren saria (Zilarrezko Antzarra) jaso du, Heldu filmagatik. Gidoi Onenaren Saria Josu Martinezen Anti lanak eskuratu du, eta Ikusleen Saria Lekeitioko Azkue Ikastolako DBH 2ko ikasleek egindako Ouija filmak lortu du.
Sariak emateko, Kepa Errastik, Lara Izagirrek eta Igor Rezolak osatutako epaimahaiak “erronka handia” eduki dutela azpimarratu dute. “Urrezko Antzarra jaso duen Lursaguak filmak milaka urteko kulturaren oinarri kontzeptuala birrintzen ari diren garaian bizi garela erakusten digu”, esan dute Euskal Zine Bileraren ordezkariek. Urrezko Antzarraz gain, 1.900 euroko saria eskuratu du Oñederrak.
Heldu filmak arraun egitean entzuten diren soinuetatik sortutako pentsamenduetan barneratzera gondibatzen du ikuslea. Landak 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra eskuratu ditu. Martinezen Anti lanak, ostera, euskaraz hitz egitea debekatu dioten herri baten nortasuna goraipatzen duela esan dute epaimahaiko kideek; 1.600 euro eta Urrezko Antzarra irabazi du. Azkenik, ikusleek aste osoan emandako botoei esker, Azkue ikastolako ikasleek 750 euro eta Zilarrezko Antzarra eskuratu dituzte.
Irabazleak ez eze, antolakuntzak 42. Euskal Zine Bileran parte hartu duten zinegile guztiak zoriondu ditu, “aurkeztutako lanetan erakutsitako kalitate handiagatik”. Horrez gain, egunez egun zinema aretora hurreratu diren herritarrei ere eskerrak eman dizkiete. “Aurtengoa ikusle gehien izan dituen edizioetako bat izan da”.
Benito Ansola Saria. Euskaltzaleen Topaguneak bi urterik behin ematen duen Benito Ansola Saria Oier Fuentesek aurkeztutako Emisio etenak proiektuak eskuratu du; Fuentesek filma garatu ahal izateko beka eskuratu du. Horretan, epaimahaia Amancay Gaztañagak eta Lara Izagirrek osatu dute. Fuentesek 43. Euskal Zine Bileran aurkeztuko du lana.
Sari banaketa ekitaldian, gainera, Euskal Zinemaren Begiradak Saria aurten zendu den Juanmi Gutierrez zuzendari errenteriarrari eman diote, “film labur eta dokumentalgintzan euskal zinemagintzari egindako ekarpen oparoagatik”.
Jaialdiaren azken egunean baita ere, ikus-entzunezko emakume musikagileen topaketa egin da, (H)EMEN plataformagaz elkarlanean. “Horretan ikus-entzunezkoen hainbat eremutan musika egiten duten emakumeen arteko mahai ingurua egin zen. Besteak beste, iritziak elkarbanatu, egungo egoera aztertu eta etorkizunak emango dituen aukerak azaleratu ziren”.