Markina-Xemeingo Fair Saturday ekimena "oso polita" izan dela esan dute
Zapatuan [azaroak 30] egin zuten ekimena, Izarbidean elkartearen alde. Mertzedeko eliza ia bete-bete egin zela esan dute Izarbideanekoek, eta musikariei zein herritarrei eskerrak eman dizkiete.
Oso polita. Horrelakoxea izan zen zapatuan Izarbidean elkartearen alde Markina-Xemeinengo Mertzedeko elizan egindako Fair Saturday ekimena. Mari Eli Ituarte Izarbidean elkarteko lehendakariak musikariei zein herritarrei eskerrak eman nahi izan dizkie. «Uste dut musikariak eta bertsolariak eurak ere gustura geratu zirela. Eta herritarren erantzuna itzela izan da; eliza ia bete-beteta zegoen».
Iaz ez modura, aurten bertsolariek gidatu dute saioa. «Hasieran sarrera moduko bat egin zuten, gero, emanaldiaren erdialdera bertso sorta bat eskaini zuten, eta amaitu ere bertsoekin amaitu zuten».
Oro har, musikari guztien emanaldiak entzuleen gustukoak izan ziren. «K-Band talde berriko kideek jo zuten azken. Horiek, bi abesti eskaini beharrean hiru eskaini zituzten. Giro polita ipini zuten».
Gainera, Izarbideaneko erabiltzaileak ere ekimeneko protagonista izan zirela azpimarratu dute. «Erabiltzaileek ekimenean parte hartu zuten musikariei oroigarria eman zieten». Eta ez edonolako oroigarria. Azaldu dutenez, Izarbideaneko erabiltzaile batzuk martitzenetan Arte Eskolara joaten direla aprobetxatuta, bertan egindako izar formako oroigarriak eman zizkieten musikariei. «Oroigarriak erabiltzaileek margotutakoak ziren, baina forma-eta emateko, Arte Eskolako arduradun Miguel Nietoren laguntza eduki dute. Hark erakutsitako borondatea bereziki azpimarratu eta eskertu nahi dugu».