Berriatuan jokatuko da 2019ko Banakakoa
Mendibarren pilotalekuak hartuko du aurten, Munduko Pilota Batzarrak antolatutako maila goreneko txapelketa. Gaur egin dute aurkezpena Berriatuko udaletxean. Abenduaren 13an hasiko da lehia.
Berriatua aukeratu du aurten Munduko Pilota Batzarrak Jai Alai World Tour-aren Banakako Zesta-Punta Lehiaketa jokatzeko. Berriatuko Zesta Eskola eta Berriatuko Udal ordezkariekin batera aurkeztu dute norgehiagoka gaur [abenduak 2] goizean, Berriatuko udaletxean. Aurreratu dutenez, banaka jokatzen duten pilotari handienetakoak batuko ditu abenduaren 13an abiaraziko duten norgehiagokak.
Berriatuan zesta-punta indar handia duen kirola dela gogora ekarri du Jon Arriola Berriatuko alkateak, eta “ohore bat” dela esan du, txapelketa herrian hartzea. “Urte asko da txapelketa hau Berriatuan ez dela jokatu. Goikoetxea eta Bereikuaren arteko lehiaketa gogorrak egonda daude lehenago, eta pozik gaude aurten txapelketa hau hartzeko aukera daukagulako”.
Berriatuan zesta-puntarako dagoen joera handi hori, gaur egun daukaten harrobi handia eta Mendibarren frontoiak daukan martxa ona izan dira, besteak beste, Munduko Pilota Batzarrak Banakako lehiaketa jokatzeko Berriatua aukeratu izanaren arrazoiak. “Berriatuko atea jo genuen, eta Berriatuko Zesta Eskolagaz eta Berriatuko Udalagaz batera banakakoa bertan jokatzea iruditu zaigu”, azaldu du Kepa Arroitajauregi Munduko Pilota Batzarraren zuzendari teknikoak.
Banaka jokatzen duten pilotari handienetako asko bertan egongo direla azaldu du Arroitajauregik. “Zortzi pilotarik parte hartuko dute aurten banakakoan, 13an final zortzirenak jokatuko dira, 14an final laurdenak, 20an dago jarrita finalerdietako jaialdia eta 27an jokatuko litzateke finala”. Zehaztu duenez, jaialdi guztiak 21:00etan jokatuko dira.
Jai Alai World Tour-a Munduko Pilota Batzarrak Xistera UTEaren bitartez eramaten duela azaldu du Arroitajauregik, eta eurei pilotariak eskatuta, txapelketa ondorengoek jokatuko dute: Lopez, Olha, Olharan, Aimar, Etcheto, Arbe, Hormaetxea eta Antxon. Beraz, Lea-Artibaiko hiru puntista eta Busturialdeko bat egongo dira Banakakoaren lehian: Aimar Aldazabal berriatuarra, Jokin Arbe markina-xemeindarra, Antxon Alberdi etxebarritarra eta Alex Hormaetxea bermeotarra.
Partidak. Iazko txapelketari erreparatuta eta sailkapenari begiratuta osatu dute lehiaketako koadroa. Hilaren 13ko lehen kanporaketan Hormaetxeak eta Antxonek jokatuko dute alde batetik, eta Etchetok eta Arbek, beste alde batetik. Eskailera jarraituta, Hormaetxea eta Antxonen arteko lehiako irabazleak Aimar izango du aurkari abenduaren 14ko jaialdian eta finalerdietara ailegatzen denak Olha.
Beste adarrean, ostera, Etcheto eta Arbek jokatuko dute hilaren 13an, Olharan dauka zain irabazleak abenduaren 14an, eta finalaurrekoetan Imanol Lopez iazko azpitxapeldunagaz aurkituko da azken horretako garailea.
Aurretik ere hainbat Banakako jokatu badira ere, 2007an hartu zuen ardura Munduko Pilota Batzarrak, aurtengoa, beraz, 12. txapelketa izango da. “Orain arte, Durangon, Markina-Xemeinen, Hondarribian, Gasteizen, Bilbon eta Zumaian jokatu izan dira, eta, orain, Berriatura gatoz, pozik gatoz, pentsatzen dugu txapelketa dotorea izango dela, jendeak erantzungo duelakoan gaude, eta lan ona egingo dugulakoan Berriatuko Zesta Eskolarekin batera”.
Pilotariak daukaten guztia emanez gero, “txapelketa handi bat izango dela” gaineratu du Munduko Pilota Batzarreko zuzendari teknikoak, eta zaleak frontoira hurreratzera gonbidatu ditu.
Momentu onean. Urte askotan Berriatuan profesional mailako txapelketarik ia ez dela egon aitatu du Mikel Plaza Berriatuko Zesta Eskolako arduradunak, eta beraz, ikusleen erantzun on bat espero dute. Gainera, Berriatuko frontoiak dituen ezaugarriak direla eta –laburtxoagoa da–, txapelketa nahiko zabalik egon daitekeela esan du. “Agian frontoi handiago baten atera ahal diren aldeak agian ez dira egongo, ezustekoren bat edo beste egon ahal da, eta outsider-ak aukerak eduki ahal dituzte txapelketan aurrera egiteko eta euren maila erakusteko”.
Bestalde, Berriatuko Zesta Eskola momentu oso onean dagoela nabarmendu du. “Ume pila ditugu, hasi 6-7 urtetik eta 16ra arte eta gero nagusiak ere bai, 70 lagun inguru daude klubean momentu honetan, eta esan daiteke osasun egoera nahiko onean dagoela. Aste osoan mugimendu asko egoten da, partiduak, entseguak, eta honelako profesional mailako txapelketa bat edukitzeak bultzada bat gehiago eman ahal dio momentu honetan eskolak daukan osasun on horri”.