Mikel Lertxundik barikuan aurkeztuko du 'Lertxundi: espazioa, lurra, denbora' liburua, Durangoko Azokan
Aurkezpena 14:30ean izango da, Durangoko Azokako Areto Nagusian. Lertxundi bera eta Maribel Aiertza egongo dira aurkezpen ekitaldian.
Mikel Lertxundi eskultore berriatuarrak eta Maribel Aiertzak aurten argitaratu duten Lertxundi: espazioa, lurra, denbora liburua aurkeztuko dute barikuan [abenduak 6], Durangoko Azokan. Zehaztu dutenez, aurkezpena 14:30ean izango da, Areto Nagusian.
Sinopsia: Arteari eta naturari irekitako leihoa mundutik eta munduari begiratzeko, tokikotasunetik unibertsaltasunera eta alderantziz. Literatur saiakera ilustratua Mikel Lertxundi euskal eskultorearen mundu-ikuskera berezian eta haren unibertso plastikoan sakontzea duena, honek bidea eman dielarik egileei eta nazioko eta nazioarteko sortzaile eta aditu kolaboratzaileei inguruneari begiratzeko eta handik, gizakiari eta honen munduan egoteko moduari. Pertzepzio eta hausnarketa desberdinak poema, aforismo, narrazio eta saiakera forman kimatzen dira 160tik gora argazkiz lagunduta hiru hizkuntzadun luxuzko liburuan. Honek, Lertxundiren eskultura lanek bezala, irakurketa pausatua eta gogoetatsua egitera gonbidatzen du parteen eta osotasunaren arteko harmoniaz gozatzeko.
Mikel Lertxundi ibilbide luzeko artista plastikoa da. 1974. urtea geroztik Espainiako Estatuko eta atzerriko arte azoka garrantzitsuetan eta galeria eta erakustoki askotan erakutsi ditu bera artelanak. 2019an Bilboko Rekalde aretoan. Aire librean ere egin ditu erakusketak, azkena 2019ko Loraldian, Bilboko kale eta plazatan. Eskultura publiko ugari ditu kokatuta eta esku-hartze artistikoak ere egin ditu naturan zuzenean.
Maribel Aiertza idazlea testugintzan aritzen da, arte zein hizkuntza eta literatura alorretan. Helduentzako nobela bat eta haur eta gazte literaturako zenbait liburu argitaratu ditu. 2014an IV. Oihenart aforismoen lehiaketa irabazi zuen.
Aurten argitaratu duten liburua biek batera argitaratzen duten bigarrena izan da. Aurrekoarekin (Lertxundi euskaradun arte unibertsala 1988) Argitalpen Onenaren Euskadi Saria irabazi zuten. Orduko hartan euskal kulturgile garrantzitsuen kolaborazioak bildu zituzten. Oraingoan artearen eta naturaren leihoa ireki dute mundura eta mundutik begiratzeko eta, horretarako, etxeko eta nazioarteko sortzaile eta adituen hausnarketak jaso dituzte.