Txirritxiki taldea, nagusi Lea-Artibaiko bigarren Euskerean Eupadea lehiaketan
Jende ugari hurbildu zen domekan Ondarroako Beikozini aretora eskualde mailako jaiaz gozatzeko. Finaleko zazpi taldeek lau proba osatu zituzten, sormen handia erakutsiz.
Umore eta giro ona izan da nagusi Herribixik antolatutako Euskerean Eupadea! Lea-Artibaiko gaztetxoen arteko taldekako bigarren lehiaketan. Domekan [abenduak 1] jokatu zen finala Ondarroako Beikozinin eta gaztetxoez gain publikoak ere gozatu zuen. Zazpi talde igo ziren oholtza gainera finalean, Ziortza-Bolibar, Aulesti eta Berriatun egindako kanporaketetatik sailkatuak, eta huts bakarra ere egin barik, Markina-Xemeingo Txirritxiki taldea izan zen nagusi.
Lau proba egin behar izan zituzten finalistek, eta mimika eginez, argazkiak asmatuta, bertsoak osatuz eta antzezpen bat inprobisatuta eskualdea ezagutzen dutela eta batez ere, ikaragarrizko sormena daukatela erakutsi zuten gaztetxoek. Finalaren atarian urduri zeuden batzuk, baina guztiek zeukaten argi lehiaketaren helburua ondo pasatzea zela. Horrela, oparia egon zen amaieran guztientzat. Talde bakoitzak eskualdeko produktuez osatutako otzara ederra eraman zuten etxera. Horrez gain, irabazleek, abentura ekimen bat Leaktibairen eskutik eta Antsotegi hotelean askaria eskuratu zuten.
Publikoa ere saioaren parte egitea lortu zuten Nerea Gartzia eta Eneko Arrate Herribixiko kideek. Horrela, animo eta txalo zaparradarik ez zen falta izan gaztetxoentzat.
Guztira, 30 taldek parte hartu dute bigarren lehiaketan, 170 gaztetxok baino gehiagok, eta Herribixikoek eskerrak eman nahi izan zizkieten bai parte hartzaile guztiei eta baita laguntzaile guztiei ere, eskualdeko udal eta kooperatibei, lehiaketa bultzatu eta euskara sustatzen laguntzearren.