Egia-Iriondo lasterketa herrikoian izena emateko epea zabaldu dute
Ondarroako udal ordezkariek jakitera eman dutenez, abenduaren 28an egingo duten 35. Egia-Iriondo oroimenezkoan parte hartzeko aukera zabalik dago.
Ume eta gaztetxoek ikastetxeen bitartez eman dezakete izena. Gazte eta nagusiek, berriz, Turismo Bulegora joan beharko dute abenduaren 26an eta 27an. 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara egongo da izena emateko aukera. Lasterketa nagusian parte hartuko dutenek, gainera, autobusa edukiko dute Astilleruko geralekutik.
Izen ematea doakoa da, eta antolatzaileek azpimarratu dutenez, herritarrek zein kanpokoek parte hartu dezakete. Azken urteetan goraka doa lasterketa herrikoian parte hartzen duten korrikalarien kopurua. “Aurten ere korrikalari asko espero ditugu lasterketan, bai ondarrutarrak eta baita inguruko herrietakoak ere”.