Markina-Xemeingo Baskaran Gaztak brontzezko sari bi irabazi ditu World Cheese Awards lehiaketan
Gaztaren inguruan munduan egiten den nazioarteko lehiaketarik garrantzitsuena da World Cheese Awards. Gipuzkoako hamabi gaztandegik, Arabako zortzik eta Bizkaiko bik lortu dute saria.
World Cheese Awards nazioarteko 2019ko lehiaketan saria eskuratu du Markina-Xemeingo Baskaran Gazta gaztandegiak. Brontzezko sari bi lortu dituzte, hain zuzen ere.
Gaztaren inguruan munduan egiten den lehiaketarik garrantzitsuena da World Cheese Awards. Aurten, 31. lehiaketa egin dute Italiako Bergamo hirian, 3.800 marka baino gehiagok parte hartu dute, eta bertan egon zen Bidane Baskaran ere. Gipuzkoako hamabi gaztandegi, Arabako zortzi eta Bizkaiko bi saritu zituzten, tartean Markina-Xemeingoa.
Aurten, 35 herrialdetatik etorritako 260 epailek eman dute ebazpena, launa pertsonako taldetan banatuta, 85 gazta dastatu dituzte. Gazta kopuru horretatik 16 aukeratzen dituzte, eta horiek hurrengo errondara igarotzen dira. Ondoren, epaileek brontzezko, zilarrezko eta urrezko dominak ematen dituzte, euren irizpideen arabera. Lehiaketak duen epaimahaiak gazten azalari, gorputzari, testurari, trinkotasunari eta, batez ere, zaporeari erreparatzen dio bereziki.
Epaimahaikideek, gainera, gazta bat aukeratzen dute mahaiko, eta gazta horri Super Urrea saria ematen diote. Aukeratutako Super Urre guztietatik, beste aukeraketa bat egiten da, eta 16 hoberenak aukeratzen dira berriro, eta 16 horietatik ateratzen da Munduko Txapelduna. 2016 urtean lortu zuen Baskaranek World Cheese Awards lehiaketako Super Urre saria Santa MaƱe izeneko gazta onduagaz.
Bestalde, errekonozimendu eta sari berezia ere eduki dute Eusko Jaurlaritza eta Hazi Fundazioaren eskutik. World Cheese Awards lehiaketan saria eskuratu duten Idiazabal Jatorri Izendapeneko eta Artzai Gaztako 22 euskal gaztak omendu zituzten joan den astelehenean [abenduak 2] egindako ekitaldian. Aitortza diplomak banatu zizkieten gaztandegiei.
Urte ona izaten ari da Baskaran Gaztak gaztandegiarentzat. World Cheese Awards lehiaketako sariagaz gainera Bermeon ospatu zen Bizkaiko Artzai gazta lehiaketaren saria irabazi dute (bigarren postuan Markina-Xemeingo Igor Txurruka geratu zen) , eta publikoaren sari berezia ere eskuratu zuten. Horrez gain, beste lehen sari lortu dituzte Eibarko San Andres azokan eta Ermuko San Martin azokan.
Sariekin “oso pozik” daudela azaldu du Bidane Baskaranek, sariak beti ondo etorriak direla adieraziz. Hala ere, saririk onena “ondo saltzea” dela nabarmendu du.
Urtea amaitzeko, oraindik beste azoka garrantzitsu batzuk falta dira: Leioakoa, bertan egiten baita Bizkaiko Idiazabal gazten sariketa, eta Santo Tomas azoka. Abenduaren 28an, Elgoibarren, herrialde bakoitzeko irabazleak batuko dituen azoka ere egingo da, bertan egongo dira Baskaran Gaztak gaztandegikoak.