Erik Mendizabal puntista mutrikuarra, Jai Alai Fall Challenge txapela berriro irabazteko bidean
Ruben Bailo atzelari noaindarrerekin batera osatuko du bikotea, eta Jon Zulaika eta Manu Ladutxe izango dituzte aurkari. Hirugarren eta laugarren postua lortzeko ahaleginetan eskualdeko puntistak ariko dira aurrez aurre.
Dania (Florida, AEB) Jai Alaiko Fall Challenge txapelketa amaierara ailegatzen ari da, eta Gabonetako etenaldiaren aurretik finalera ailegatu diren puntisten artean Erik Mendizabal mutrikuarra barikuan [abenduak 13] jokatuko duten final handiari begira ipinita dago. Mutrikuarrak Ruben Bailo atzelari noaindarrarekin batera osatuko du bikotea, eta Jon Zulaika eta Manu Ladutxe izango dituzte aurkari.
Jai Alaiko ordezkariek nabarmendu dutenez, Fall Challenge txapelketaren finalean askotan errepikatzen izenak dira. “Txapelketa iaz Erikek eta Ladutxek irabazi zuten. Diego Beaskoetxeari eta Bailori 15-9 irabazi zieten”.
Erikek eta Bailok, hain zuzen, Ekaitz Mendizabal Goixerri mutrikuarrari eta Ibon Aldazabal berriatuarrari irabazita lortu zuten finalerako txartela. Azaroaren 29an jokatu zuten lehen finalerdian 15-13 irabazi zuten mutrikuarrak eta noaindarrak. Aurreko barikuan [abenduak 6] jokatu zuten azken finalerdia.
Xabi Barandika gernikarrari eta Endika Madarieta Elgezabal ispastertarrari nagusitasun osoarekin irabazi zieten Jon Zulaikak eta Manu Ladutxek; aurrelari gipuzkoarrak eta atzelari lapurtarrak 15-3 irabazi zuten.
Goixerrik eta Aldazabalek, berriz, eguenean [abenduak 12] jokatuko dute. Barandika eta Elgezabal izango dituzte hirugarren postua lortzeko saiakeran aurrez aurre.