Izurde bat hilda agertu da Saturraranen
Mutrikuko Saturraran hondartzan izurde bat hilda agertu da egunotan. Hain zuzen ere, zetazeoaren gorpua harkaitzen erdi-erdian agertu da hondoa jota.
Izurdea nahikoa deskonposatuta dago, eta deskonposizio egoera handia denez, zaila da heriotzaren arrazoiak zeintzuk izan diren zehaztea. Izurdea tamaina txikikoa da, 1,5 metro ingurukoa, eta tamaingatik izurde arrunta (Delphinus delphis) edo izurde marraduna (Stenella coeruleoalba) izan daitekeela agertu dute Ambar elkarteko kideek. “Animalia deskonposizio egoera handia dagoenean, zer espeziekoa den zehazteko era bat ahosabaiaren hezurra nolakoa den begiratzea da”.
Larrialdi zerbitzuek barikuan [abenduak 6] jaso zuten lehen abisua, eta izurdeak zapatuan [abenduak 7] oraindik ere bertan jarraitzen zuen. Ambar elkarteko kideek azaldu dutenez, hildako animalia hondartzetako garbiketa zerbitzuek jaso beharko dute. Zetazeoa ez badute eramaten, mareak beste nonbaitera eramateko arriskua dago.
Ambar itsas fauna ikertzeko eta babesteko elkarteko kideen arabera, urteko sasoi honetan zetazeoak eta itsasoko bestelako animaliak kostaldean agertzea nahikoa “ohikoa” da. Sasoirik ohikoena azaroa amaieratik udaberri amaiera arte omen da. “Kantauri itsasoko bizi baldintzak oso gogorrak dira neguan. Itsasoa okerrago egoten da, eta ahul dauden animaliek olatuen indarrari aurre egiteko ez dutenez nahikoa indarrik kostaldean agertzen dira, hilik edo oso zauriturik. Sasoi honetan haize eta korronte gogorragoa egoten dira, eta horregatik agertzen dira hildako animalia gehiago kostan. Bestelakoan, itsasoan hondoratzen dira”.
Ambar elkarteko kideek ohartarazi dutenez, itsas animalia edo zetazeo batekin aurkituz gero, ez hurbiltzea gomendatzen dute, eta gutxieneko distantzia bat mantentzea. “Gaixorik egon daitezke; animaliek gizakiei kutsatu daitekeen gaixotasunen eduki ditzakete. Itsas txakurren kasuan, horiek lasai uztea komeni da. Animali basatiak dira, eta gehiegi hurreratuz gero haginka ere egin dezakete eta. 112 telefono zenbakira deitzea nahikoa da”.