Mutilen Xistera Zirkuituko finalean ariko dira Antxon Alberdi eta Goixerri
Mutilen Xistera Zirkuituko txapelketaren final handira zuzenean sailkatu direnen izenak jakitera eman ditu Xisterak. Finalerdiei begira jarrita dauden bikoteen izenak ere ezagutara eman dituzte.
Mutilen Xistera Zirkuituko hirugarren faseko finalak, Jose Inazio Elolaren Oroimenezkoa jokatu dituzte asteburuan Tolosako Beotibar pilotalekuan, eta txapelketaren fase guztiak jokatuta, finalerdiak eta finala besterik ez dira falta txapelketa amaitzeko. Lortutako emaitza onei esker, txapelketaren final handira zuzenean sailkatu direnen izenak jakitera eman ditu Xisterak. Lehen mailan Antxon Alberdi etxebarritarrak eta Aratz Mendizabal Goixerri mutrikuarrak lortu dute finalerako lehen txartela. Bigarren eta hirugarren mailan, berriz, Ibañez-Olazagazti eta Urreisti-Del Rio sailkatu dira, hurrenez hurren.
Finalerdiei begira jarrita dauden bikoteen izenak ere ezagutara eman dituzte. Lehen mailan Aaron-Uranga, Gonzalez-Manzi eta Arbe-Mandiola bigarren txartelaren bila aterako dira. Bigarren mailan, Urrutia-Garat, Vidal-Sorozabal, Garcia-Goitia eta hirugarren mailan, Egaña-San Jose, Libois-Iriondo eta Arakistain-Basterretxea.
Tolosako finalei dagokienez, lehen mailan Antxon eta Uranga izan ziren nagusi. 2-0 (15-9 eta 15-10) irabazi zieten Gaizkari eta Goixerriri. Antxon eta Uranga ziren irabazteko faboritoak, eta hasieratik jokoaren jaun eta jabe izan ziren. Lehen jokoan azkar ipini ziren aurretik markagailuan. 4-0 hasi ziren, eta hortik aurrera neurketa kontrolpean eduki zuten. Bigarren jokoa ere bide beretik joan zen. Azkar egin zuten ihes markagailuan, eta berriro ere alde horrek neurketa ondo kudeatzeko aukera eman zien Antxoni eta Urangari.
Bigarren mailan, aldiz, Urrutia eta Ohienard izan ziren onenak. 2-0 (15-4 eta 15-11) irabazi zieten Galletebeitiari eta Garati. Lehen jokoan nagusi izan ziren Urrutia eta Ohienard. Azkar ihes egin zuten, eta arazorik barik batu zuten lehen puntua. Bigarren jokoan Galletebeitia eta Garat hasi ziren agintzen, baina 11. tantoan berdindu, eta hortik aurrera Urrutiaren eta Ohienarden alde jarri zen jokoa.
Hirugarren mailan Libois eta San Jose nagusitu ziren. 2-0 (15-13 eta 15-11) irabazi zieten Arakistaini eta Iriondori. Lehen jokoan Arakistain eta Iriondo hasi ziren agintzen. Markagailuan une askotan aurretik ibili ziren, baina unerik garrantzitsuenean, Liboisek eta San Jose markagailuari buelta eman eta lehen puntua eskuratu zuten. Bigarrengo jokoan Liboisek eta San Josek hasieratik erakutsi nahi izan zuten eurak zirela faboritoak, eta ez zuten barkatu, garaipena erdietsiz.