Finalerdietara ailegatu da Goxua Txapelketa
Lehen mailako bi partida eta bigarren mailako beste bi egongo dira jokoan aste honetan. Lehen finalerdia eguenean [abenduak 12] jokatuko dute lehen mailako eta bigarren mailako bikoteek.

Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeak antolatutako pilotari ohien Goxua Txapelketa bere amaierara heltzen hasia da. Aste honetan jokatuko dira finalerdiak, eta erabakita geratuko dira 2020ko urtarrilaren 3ko finalean egongo diren pilotariak. Markina-Xemeingo zazpi pilotari, Etxebarriko hiru, Aulestiko bi, Berriatuko bi, Berrizko pilotari bat eta Zumarragako beste bat ailegatu dira finalerdietara.
Lehen mailako bi partida eta bigarren mailako beste bi egongo dira jokoan aste honetan. Lehen finalerdia eguenean [abenduak 12] jokatuko dute lau bikotek, 19:30ean hasita, ohi modura, frontoi txikian. Alde batetik, bigarren mailan, Jonro – Olabe eta Etxeta-Elu bikoteak neurtuko dira, eta bestetik, lehen mailan ari diren Berasaluze-Balsera eta Gorosabel-Zubilla bikoteen arteko norgehiagoka egongo da.
Asteburuan jarraituko dute partiduek. Zapatuan [abenduak 14] 17:30ean lehiatuko da lehenengoa: Berriatuko Perran anaien eta Aulestiko IƱaki eta Pelloren artekoa. Partidu horretatik aterako da lehen mailako bigarren bikote finalista. Domekan [abenduak 15], ostera, 11:30ean jarri dute ordua norgehiagokarako, eta horretan, bigarren mailako bigarren finalista erabakiko da. Laka-Ube eta Etxebarrieta-Urrutia pilotari markina-xemeindarrak ariko dira zein baino zein gehiago.
Finalistak erabakita, etenaldia egingo du txapelketan Gabonen oporraldian. Peio Urionabarrenetxea Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko entrenatzaileak jakinarazi duenez pilotariek beste egiteko batzuk dituzte eta finala urtarrilean egitea erabaki da. Txapelketak eraman duen martxa ona ere azpimarratu du Urionabarrenetxeak. “Partida denak jokatu dira zehaztutako epeetan ete dena erraz joan da”. Bajaren bat egon bada ere txapelketan izena eman zuten parte hartzaile guztiek jokatu ahal izan dute norgehiagoka. “Giro ona eta jokatzeko gogoa izan dira nagusi. Lehen hilabeteetan entrenatzen ere ibiltzen ziren taldean”.
Txapelketari jarraipena emateko asmoa daukatela ere aitatu du, aurtengoari erreparatuta erabakiko dute zelakoa izango den, hala ere, beste maila bat sortzea gustatuko litzaiokeela azaldu du Urionabarrenetxeak, pilota bigunagoagaz. “Aurten ausartu ez direnak ere jokatu dezaten”.