Heriotzari buruz "libreki" hitz egiteko topaketa antolatu dute Lekeition
Death Cafe saioaren helburua gaur egungo gizartean heriotzaren inguruan dagoen tabuagaz apurtu eta beldur barik heriotzari buruz berba egitea da. Parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik.

Heriotzari buruz “libreki” eta “berdinetik berdinera” berba egiteko Death Cafe saioa antolatu du Lekeition, herritar talde batek. Topaketa Gau Txori tabernan izango da eguaztenean [abenduak 11], 18:00etatik aurrera. Antolatzaileek azaldu dutenez, saioaren helburua gaur egungo gizartean heriotzaren inguruan dagoen tabuagaz apurtu eta beldur barik heriotzari buruz berba egitea da “leku trankil batean, kafe eta pastel baten bueltan, ideiak partekatu eta elkarregaz ikasteko”.
Pertsona oso eta herritar oso izateko gai hau garrantzitsua dela uste dute, “denok bertatik pasatu behar dugulako, eta ezinbestean aurre egin behar diogulako”. Diotenez, zenbat eta beldur gutxiagogaz ibili heriotzaren prozesua hobeto eramateko aukera gehiago egoten dira. Horrez gain, gaur egungo gizarteak dituen aldaketa guztiekin, alor horretan, ezinbestean, herritar ahaldunduak beharko direla ikusten dute. “Gero eta zaharragoa den biztanleria, gero eta indibidualagoa den gizartea, gero eta teknologikoagoak diren mediku zaintza eta erabaki pertsonalak hartu beharra eskatuko duten egoerak, kolektiboki hil direnei omenaldia egiteko erritu berrietarako leku eta formuletarako herri mailako baliabideak… Gai asko daude herri modura lantzea komeni direnak”.
Topaketan parte hartzeko nahitaezkoa izango da aurrez partaidetza jakinaraztea, horretarako 644 35 73 68 telefono zenbakira deitu behar da. Death Cafe mundu mailako ekimen bat dela azaldu dute antolatzaileek, eta Lekeitiokoagaz gain beste hainbat lekutan ere antolatu dira saioak: Azpeitian, Aizarnan, Durangon, Getxon eta Bilbon besteak beste. “Denok pasatu behar gara hortik eta zenbat eta gehiago jakin eta beldur gutxiago eduki hobeto ibiliko gara, berba egin nahi duena bakarrik ez uzteko, umeari berba egin ahal izateko edo guk zelan hil nahi dugun erabaki eta gure esku dagoena bideratzeko”.