Leire Etxaniz, Barakaldoko final handian
Lau eta erdiko Emakume Master Cup pilota txapelketaren final handia jokatuko aurten ere Leire Etxaniz Etxebarriko pilotariak. Patri Espinarren aurka neurtuko ditu indarrak domekako [abenduak 25] finalean.

Lau eta erdiko Emakume Master Cup pilota txapelketaren final handia jokatuko da domekan [abenduak 15] Barakaldes pilotalekuan, eta berriro ere finalean egongo da Leire Etxaniz Etxebarriko pilotaria. Azaroaren 24an ekin zion norgehiagokari Etxanizek, eta dagokion maila handia erakutsita ailegatu da, aurten ere, txapelketaren azkenera arte. Aurkari gogorra izango du aurrean, Patri Espinar Usansoloko pilotaria. Pilota Goxuan neurtuko dira orain arteko Master Cupeko txapel guztiak eraman dituzten pilotariak.
“Fisikoki oso ondo” sentitzen dela jakitera eman du Etxanizek, eta “konfiantzagaz“. Finalekoa partidu gogorra izango dela uste du, eta bakoitzak bere armak erabiliko dituela finala irabazteko.
Emoziorik ez da faltako finalean. Gaur [abenduak 10] goizean egin dute aurkezpena bertan Barakaldon, eta txapelketaren antolatzaileek diotenez, Patri Espinarrek ez dio uko egingo bere joko erasokorrari txapelaren defentsan: “Hala aritu zen Galdakaoko finalerdian Olatz Arrizabalagaren aurka eta partida borobila osatu zuen usansoloarrak”. Etxanizek, ordea, sekulako defentsa duela nabarmendu dute. “Bera da txapelik gehien irabazi dituen pilotaria –lau denetara–, eta zailak jarriko dizkio gauzak egungo txapeldunari”.

Patri Espinar, Miren Larrarte, Miriam Arrillaga eta Leire Etxaniz finalaren aurkezpenean. Argazkia: Emakume Master Cup
Mistoan. Bestetik, pilota mistoari dagokion kategorian Miriam Arrillaga (Aginaga) eta Miren Larrarte (Bidania) pilotariek jokatuko dute finala. “Bietako inork ez du sekula Master Cup txapelketako titulurik irabazi eta irrikaz daude. Arrillaga kolpe biziko pilotaria da, Miren Larrartek berriz, lehiakorra dela berretsi du eta domekan ere berea emango du”.
92 pilotarigaz, parte hartze errekorra hautsi du aurtengo Lau eta erdiko txapelketak. Antolatzaileek esan dutenez, horretarako funtsezkoa izan da parte hartzea erabat irekia izatea. “Hiru urte baino ez dira Laboral Kutxa Emakume Master Cup Txapelketak emakumeen esku pilota erabat eraldatu zuenetik, eta ukaezina kirol honek gure artean izan duen loraldia. Parte hartze irekia eta une bakoitzean pilotarien beharretara moldatzen jakitea; horrek izan dira egungo txapelketa garrantzitsuena den honen arrakastaren giltzak, eta horien erakusleiho paregabea bilakatuko da domekan Barakaldoko Barakaldes pilotaleku dotorea”.
12:00etan hasiko da finalen norgehiagoka, eta Etxaniz eta Espinar izango dira kantxaratzen lehenengoak.