Gabon doinuek zipriztindutako musikak alaituko ditu Ondarroako Artibai egoitzako arratsaldeak
Musika eskolako ikasleek lau ekintza musikal burutuko dituzte Artibai egoitzako egoiliarren gozamenerako. Lehenengo ekintza bihar eskainiko dute.
Urtero modura, Gabon sasoiko kontzertu txikiak eskainiko dituzte Ondarroako Unanue udal musika eskolako ikasleek Artibai egoitzako areto nagusian. Musika eskolako arduradunek jakitera eman dutenez, datozen egunotan ordu erdi inguruko lau ekintza musikal burutuko dituzte egoiliarren arratsaldeak Gabonetako kantu herrikoi eta ezagunez alaitzeko.
Lehenengo ekintza musikala bihar [abenduak 12] 18:00etan burutuko dute. Eguenetan trikitixa ikasten ari direnen txanda izango da. “Normalean orduerdi inguruko kontzertuak ematen dituzte musika eskolako ikasleek, baina bihar egoitzan bazkari berezia egingo dutenez, kontzertua zer edo zer luzatzea erabaki dugu”.
Flauta, txistu eta klarineteko ikasleen txanda izango da astelehenean [abenduak 16]. 17:30ean hasita, Gabonetako hainbat pieza joko dituzte. Martitzenean [abenduak 17], berriz, biolin, tronpa, biolontxeloko ikasleek txanda izango da. 17:00etan hasiko dira musika jotzen. Azken ekintza musikala datorren eguaztenean [abenduak 18] egingo dute. 17:30etik aurrera akordeoi, gitarra eta tropetako ikasleen doinuek alaituko dute arratsaldea.