Kirmen Uribe: "Poema liburua gure belaunaldiaren erretratua da"
‘Bitartean heldu eskutik’ poema liburu ezagun eta sarituaren ostean, ‘17 segundo’ bigarren poema liburuagaz dator besapean Kirmen Uribe idazle ondarrutarra. 2002tik aurrera ondutako 90 poema jaso ditu.
Izenburu deigarria du bigarren olerki liburuak.
New Yorkeko Metropolitan museora joan ginen, eta bertako gida batek esan zigun jendea bataz beste hamazazpi segundo egoten dela artelan bati begira. Hori guztia zelako arin bizi garenaren islada da. Baina poesia trankil irakurtzeko eta idazteko genero bat da. Denbora gelditu, inguruan duzunari begiratu, eta hortik sortzen da poesia. Kontraesan modura, eta hitz jokoa egiteko, ondo iruditu zitzaidan izenburua. Are gehiago, hamazazpi urtez egon naiz idazten bertan jaso ditudan poemak, baina niri hamazazpi segundo modura pasa zaizkit.
Poesia, beraz, lasai irakurri behar da.
Lasai irakurri behar da, baina ez da dena ulertu beharra dagoen genero bat. Poesia koadro bat begiratzea modukoa da. Poemak zer esaten dizun sentitzeko edo bizitzeko da, ulertzeko baino. Askotan, era kontziente batean sortzen da poesia, baina, bestetik, inkontzientziak ere zerikusi handia dauka.
“Poema liburuak halako logika bat edukitzea nahi izan dudanez, irakurlearentzako ezagunak izan litezkeen poema batzuk kalean geratu dira”
Asko zure laugarren eleberriaren zain daude, baina bigarren olerki liburuagaz zatoz. Poesiara bueltatzeko gogoz zeunden?
Beti irakurri eta idatzi izan dut poesia, eta, egia esan, denbora guzti honetan ere ez naiz poesia idazten gelditu. Eta, azkenean, hainbeste urtean idazten ibili naizen honek poemok argitara atera behar nituen momentua ailegatu da. Tarte luze horretan idatzitako hainbat poema zuzeneko emanaldietan, aurkezpenetan… agertu izan ohi dira, baina liburuari berari forma emateko nahiagaz, berriak ere idatzi ditut. Bilduma egitea baino garrantzitsuagoa iruditu zait liburuak berak zentzua eta oreka edukitzea.
Honakoa ez da poema bilduma bat, beraz.
Poemario bat da. Poema liburuak halako logika bat edukitzea nahi izan dudanez, irakurlearentzako ezagunak izan litezkeen poema batzuk kalean geratu dira. Haurtzaroan hasten den eta gaur egunera arte datorren ibilbide eta bidaia baten modura izatea nahi izan dut liburua. Hori dela eta, hor tokirik ez zeukaten poema batzuk kalean utzi ditut.
Zenbat poema jaso dituzu lan berrian?
90 poema daude, zazpi zatitan banatuta. Poema liburua gure belaunaldiaren halako erretratua da; gurasoak nagusiak eta ume txikiak ditugun belaunaldi batena, alegia. Liburua neure garaien arabera dago banatuta, baina nahiz eta neure kontuak kontatu, lan honetan jende askok bere burua islatuta ikusiko duela pentsatzen dut.
Zelan banatu dituzu zazpi zati horiek?
Lehenengo zatian haurtzaroa eta gaztaroa agertzen dira. Bigarren zatia kartzelari buruzkoa da. Hirugarren zatia Gasteiztik Ondarroara buelta egin nuen sasoikoa da. Laugarrena, Japoniako egonaldiari buruzkoa da. Bosgarrenean, New Yorkeko bizimodua agertzen da. Seigarrenean zelan idazten den poesia eta gure poesiaren ikuspegia azaltzen duten poesiari buruzko bi poema agertzen dira bakarrik. Eta azken zatia dena laburbiltzen duen zati bat da. Nik bizi izan dudana jaso dut era batera edo bestera. Iragan mendeko 70ko eta 80ko hamarkadetan umeak izan ginen, orduan bizi zen giroa hor agertzen da, baita giro politikoa ere. Kaleari lotutako gaztaroa bizi izan dugu; intsumisioa eta gaztetxeko giroa ere hor agertzen dira… Bizitza bera da kontatzen dudana; alderdi pozgarriekin eta baita gogorrekin ere. Maitasuna, sexua, droga, artea, natura, emakumeak ere agertzen dira; egia esan, denetarik agertzen da, gai aldetik oso aberatsa da. Atal bakoitzari, gainera, bere forma eta estetika propioa eman nahi izan diot. Atal bakoitzeko poemak era jakin batekoak dira; forma aldetik gauza asko daude.
“Euskal Herriari lotutako poemak argiagoak dira, eta orain azkenengo sasoian hemen New Yorken idatzitakoak abangoardistagoak direla esango nuke”
Zeintzuk?
Bertso librean egindako poemak daude, baina badaude bertso jarriak ere. Haiku eta tanka deitzen diren Japoniako neurri poetikoak ere agertzen dira. Prosa ere agertzen da. Gaiz eta formaz oso anitza den liburua da.
Neurria eta estetika aldatzeaz gain, hizkera ere aldatu egiten da?
Bai, poemak argitasun batetik konplexutasun batera doaz. Euskal Herriari lotutako poemak argiagoak dira, eta orain azkenengo sasoian hemen New Yorken idatzitakoak abangoardistagoak direla esango nuke; forma aldetik askoz ere ausartagoak dira.
90 poema horien artean badago zuretzat berezia denik?
Besteak beste, ondarrutarrez idatzitako bi poema daude, tartean, Amak einddako jertsak. Poema sendo asko batu ditut. Horien artean, aurretik ezagutzera eman ditudan Jainko txiki eta jostalari hura edo azken boladan ezaguna bilakatu den Alabari ere bertan batu ditut. Baina horiez gain, hamazazpi urtez gordeta eutsi dutenek ere argia ikusi dute.
Duela ia bi hamarkada hasi zinen liburu honetako poemak idazten. Denbora honetan guztian igartzen da aldaketarik?
Bai, igartzen da aldaketa. Urteak pasa direla igartzen da, eta orain idazlearen eskua ikusten da; gauzak zehatzago kontatzeko gai naizela, alegia. Bilakaera bat igartzen da, azken finean. Nire lehenengo poema liburua freskotasun handiz betetako ezusteko bat izan zen. Lan honek, beharbada, ez du hainbesteko freskotasun hori edukiko, baina helduagoa da.
“Gabon aurretik liburuagaz lotutako bi emanaldi berezi eskainiko ditugu”
Duela gutxi aurkeztu duzu liburua. Ezohiko eran, gainera.
New Yorketik zuzenean egin nuen aurkezpena, bideo-konferentzia bidez, nahiz eta nik nahiago nuen Donostian bertan egindako aurkezpenean egon. Uste dut Susa argitaletxean horrelako zerbait egiten den lehen aldia izan dela. Aurreko astean Durangoko Azokan ere egon nintzen, eta Gabon aurretik liburuagaz lotutako bi emanaldi berezi eskainiko ditugu.
Non izango dira aurkezpen horiek?
Poema liburu berriaren irakurraldi musikatua egingo dugu hilaren 18an Bilboko Kafe antzokian. Eta hilaren 19an Donostiako Antzoki Zaharrean egongo gara. Bakarrik bi aurkezpen egingo ditugu.
Zeintzuk batuko zarete taula gainean?
Juanjo Elordi zinemagile markina-xemeindarrak egin du diseinua, eta Oier Ituarte ondarrutarrak, berriz, argien diseinua egin du. Taula gainean Juango Elordigaz batera, Ixiar Oreja, Mikel Urdangarin, Txomin Uribe eta ni neu batuko gara. Donostian, Jon Garaño zinema zuzendaria egongo da gugaz batera, eta Bilbon, berriz, Asier Altuna zinema zuzendaria. Garañok eta Altunak elkarrizketatxo bat egingo didate lehendabizi, eta ostean egingo dugu irakurraldi musikatua. Nire belaunaldi bereko eta gaur egun punta-puntan dauden sortzaileak batuko dira oholtzan. Jendea bertara joatera gonbidatu nahiko nuke. Lagunartean egindako gauza bat izango da, baina berezi-berezia izango da; ezustekoz betetakoa.