Akelarre Antzerki Taldeak jaitsiko du Mutrikuko Antzerkiaz Blai! jaialdiaren oihala
Mutrikuko Antzerkiaz Blai! jaialdia amaierara ailegatzen ari da. Herriko antzerkigileen plaza ere bada jaialdia, eta hala, antzerkizaleek herrian sortutako lanez gozatzeko aukera ere badago. Akelarre Antzerki Taldeak eskainiko dituen bi emanaldiek jaitsiko dute jaialdiaren oihala.
Marisa Martinez Esparzak zuzendutako antzezle gazteen taldeak Antzerkiaz Blai! jaialdiaren baitan ordu erdi inguruko iraupena duten bost lan taularatuko ditu Zabiel kultur etxeko ganbarako agertokian. Urtero modura, taldearentzako hitzordurik garrantzitsuena izango da hurrengo egunotakoa. Azken entseguak eta prestaketak eginda dituzte, eta lanak taularatzeko gogotsu daude. Urtarrilean hasi ziren lanak prestatzen, eta udako etenaldia eta gero, buru-belarri sartuta ibili dira prestaketa lanetan. Ia 60 gaztetxo ikusteko aukera egongo da bi emanaldietan.
Lehenengo emanaldia barikuan [abenduak 13] eskainiko dute taldeko nagusienek. 19:00etan hasita, Sorpresadun pisua eta Ligatzeko klaseak antzezlanak eskainiko dituzte publikoaren gozamenerako. Bigarrenen emanaldia domekan [abenduak 15] eskainiko dute. Emanaldia hasiera batean 19:00etan egitea aurreikusi eta iragarri bazuten ere, ordubete arinago hasiko da emanaldia; 18:00etan, alegia. Roboten denda, Neska, mendia eta beste guztiak eta Lorontziaren epaiketa taularatuko dituzte Akelarreko gazteenek.
Taldeko zuzendari eta gidoilariak jakitera eman duenez, taularatuko dituzten antzezlan batzuk estreinaldiak izango dira, eta beste batzuk, aurretik ere antzeztu izan ohi dituzte. “Antzezlana bera baldin bada ere, bertan parte hartzen dutenak gazteagoak dira kasu honetan. Inork ez du sekula lan bat errepikatzen”.
Barikuko bi lanak estreinaldiak izango direla azpimarratu du Martinezek. Agertokira 14 lagun igoko dira Sorpresadun pisua eta Ligatzeko klaseak interpretatzera. “Sorpresadun pisua lanean ezkondu batzuek etxebizitza bat erosten dute, eta ikustera doaz. Hor zer edo zer berezia gertatzen da, eta hortxe dago antzezlanaren koxka. Ligatzeko klaseak lanean, bestalde, neska batek negozio berri bat abiarazi nahi du, eta bertan ligatzeko eskolak ematen ditu. Hori bai, eskoletara bertaratzen den jendea nahikoa arraroa da”.
Domekan, aldiz, 41 lagun batuko dira agertokian. Roboten denda eta Neska, mendia eta beste guztiak aurretik ere antzeztuta badituzte ere, Lorontzien epaiketa estreinaldia izango dela agertu du Martinezek. “Roboten denda robotei buruzko antzezlana da. Neska, mendia eta beste guztiak lanean, bestalde, neska talde bat mendira joaten den ingurumena aztertzera. Lorontziaren epaiketa lanean, azkenik, bi bizilagunen arteko epaiketa bat da istoriaren muina. Biktima bat agertzen da, eta gainontzeko bizilagunek ere badute bere garrantzia”.