Gabonetako elikagai bilketa berezia egingo dute Ondarroan
Danonartin elkarteak eta Ondarroako Udalak elkarlanean antolatuta, Gabonetako elikagai bilketa berezi egingo dute herriko 11 janari dendetan bariku [abenduak 13] arratsaldean eta zapatu [abenduak 14] goizean. Elikagai bilketan Danonartin elkarteko boluntarioek eta Gorabideko kideek parte hartuko dute.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, “Gabonetan herritar guztiek jatekoa eduki ahal izateko”, herriko 11 janari dendetan kutxak ipiniko dituzte, herritarrek elikagaiak bertan laga ahal izateko. Ondarroako udalaren ongizate batzordeko ordezkariek janari bilketa berezian parte hartzera animatu nahi dituzte herritarrak. “Danonartin elkarteak jardunean jarraitzea albiste oso ona izan da herriarentzat, eta orain elkartasun olatu horrekin jarraitzea da gure helburua”.
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie Danonartin elkarteari laguntzeko prest agertu diren boluntario guztiei. “Herritarrentzako funtsezko zerbitzua eskaintzen du elkarteak. Mila esker bere jarraipena bermatzearren”.