Kirol munduan dabiltzan mutrikuarrak omenduko dituzte VII. Kirol Galan
Mutrikuko Udalak antolatuta, kirol gala egingo dute zazpigarrenez bihar [abenduak 13], 19:00etatik aurrera udaletxeko areto nagusian.
Udal kirol batzordeko ordezkariek azaldu dutenez, Ane Urkiri kazetari mutrikuarrak aurkeztuko eta zuzenduko du gala. Ordubeteko iraupena edukiko du ekitaldiak, eta, ohi modura, lau sari banatuko dituzte azken denboraldia kontuta hartuta: Kirolari onena, Kirol talde onena, Kirol ibilbide onena eta Aipamen berezia.
Antolatzaileek iragarri dutenez, “merezitako omenaldia” egingo diete herriko kirolari zein taldeei. Ekitaldiarekin, hain zuzen, kirol munduan dabiltzan eta ibili diren pertsona edo eragileei onespena eta eskerrak eman nahi dizkiete sari baten bitartez. Hori bai, emozioari azken uneraino eusteko, ez dute aurreratu aurten saria irabazteko hautagaiak zeintzuk izango diren. Aurreratu ahal izan dutenez, “sarituen artean kirolari batzuk mundu mailan ezagunak dira”.
Aurtengo sarituak jakitera eman eta oroigarri banaketa egin ondoren, luntxa egongo da bertaratzen diren guztientzat. Ekitaldia irekia izango da, eta herritar guztiak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte.