Urrezko Bikaian ziurtagiria jaso du Mutrikuko Udalak
Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak banatu zituen atzo [abenduak 11] Eusko Jaurlaritzak, Donostiako Kursaalean euskara lan munduan sustatzeko 'Hamaika hitzetan' lelopean egin zen ekitaldian.
Guztira 25 erakundek eta enpresak jaso dute aurten ziurtagiria, eta horien guztien artean, goi mailako ziurtagiria jaso du Mutrikuko Udalak. Aurten Bikain ziurtagiria jaso duten enpresen artean, era askotako entitate publiko eta pribatuak egon dira: industrial nahiz teknologikoak, zerbitzuetakoak, hedabideak, kulturaren arlokoak, edota administraziokoak.
25 enpresa edo erakunde horiek 8.833 langile dituzte; 14 Gipuzkoakoak dira, 8 Bizkaikoak eta 3 Arabakoak. “Aurten, denetara, 25 enpresa eta erakundek jaso dute ziurtagiria: horietatik hamazazpik goi-mailako urrezko Bikaian egiaztatu dute; bostek tartekoa den zilarrezkoa eta hiruk oinarrizkoa”.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak banatu zituzten ziurtagiriak. Azpimarratu zuenez, euskarak esparruak irabazten jarraitu behar du. “Hamarkadaz hamarkada, urtez urte, euskara esparru berriak irabaztean joan da. Hala ere, oraindik bide luzea daukagu aurretik lan munduan euskara era egokian txertatzeko. Eta bide horretan oso garrantzitsua izango da planifikazioa eta lidergoa”.
Ekitaldian Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Euskal Jaurlaritzako zein beste euskal erakundeetako hainbat ordezkarik parte hartu zuten. Sailburuordeak, bere aldetik, adierazi zuenez “enpresa eta entitateen alorrean, lan munduan, euskara gero eta gehiago lotzen da bikaintasunarekin“.
Hain zuzen ere, esparru sozio-ekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza kudeaketaren normalizazio maila egiaztatzea da Bikaian Ziurtagiriaren egitekoa. 2008tik gaurdaino 393 erakundek eta enpresak jaso dute ziurtagiria: 164k urrezkoa, 157k zilarrezkoa eta 72k oinarrizkoa. Ziurtagiri jaso duten enpresen artean, guztira, 75.500 langile dituzte.