Markina-Xemeingo Irakurleen Txokoan parte hartzeko gonbitea egin dute
Hamahiru urte daramatza martxan Markina-Xemeingo Irakurleen Txokoak. Esperientzia aberasgarria dela diote partaideek.
Euskaraz erraztasunez irakurtzeko aukerarik ez zutela izango uste zuten Ebentzi Loiolak, Bego Arriolak eta Joseba Urtiagak, baina erratuta zeuden. Euskaraz irakurri, aditu eta gozatu egiten dute, eta horren arduraduna Irakurleen Txokoa izan da.
Hamahiru urte daramatza martxan Markina-Xemeingo Irakurleen Txokoak. Bi aukera eskaintzen ditu: euskarazko txokoa eta gaztelaniazkoa. Hala ere, gutxiago dira euskarazko taldean parte hartzera animatzen direnak. Arrazoia Loiolak, Arriolak eta Urtiagak hasieran zeukaten berbera da sarritan, euskararen aurreko ziurtasun falta. Baina kontrakoa badirudi ere, Irakurleen Txokoa asmo horretarako baliabide aproposa da, eta Loiolak, Urtiagak eta Arriolak bezala euskal literaturari azken tanta ere atera ahal zaio irakurketagaz gozatuz.
Ez dago ezelako sekreturik, ekin eta ekin pausoak ematen joaten zarela diote. Hau da, ondo irakurtzeko irakurri besterik ez da egin behar, eta horretarako euskarri hobeezina da Irakurleen Txokoa. «Beste gauza askotan bezala emaitza ez da momentuan ailegatzen, baina aurrera eginez gero, ahaleginak badauka saria».
Hamabi bat urte daramatza Irakurleen Txokoan parte hartzen Loiolak, hamar urte egin ditu Arriolak, eta Urteaga, berriz, orain dela bi urte batu zen taldera. Eta hirurek bat egiten dute espero zutena baino urrunago ailegatu direla esaterakoan.
Pozik. Euskara asko maite duela dio Loiolak, eta Irakurleen Txokoan parte hartzea modu bat izan zitekeela ikusi zuen, batez ere, euskaraz irakurtzen ikasteko. «Ohitura hartu, eta euskaraz irakurtzeko beldurrik ez edukitzeko».
Arriolak, berriz, ikasketak gaztelaniaz egin zituen, eta, beraz, euskaragaz zeukan kezka hori albo batera utzi nahirik lehendabizi AEKra joan zen alfabetatzera, eta euskal literaturan murgildu asmoz, txokora gerturatu zen ondoren. «Gauza interesgarriak zeudela ikusten nuen, eta guztiak galtzen ari nintzela, eta horregatik hasi nintzen».
Asko ikasi duela dio, ez bakarrik literatura ezagutu edo irakurtzen, liburu baten istorioan barneratzen, sakontzen ere bai. «Merezi du parte hartzeak. Besteengandik ere ikasten duzu. Agian, ez zaizu liburua asko gustatu, saiora etortzen zara, eta konturatzen zara hainbat gauza galdu dituzula, eta besteei entzunda hobeto ulertzen duzu. Guztiz aberasgarria da».
Urtiaga euskaldun berria da. Jubilatu zenean etorri zen Markina-Xemeinera bizitzera, eta daukan euskara maila ez dela oso ona dio. Hala ere, Irakurleen Txokoa euskaraz irakurtzeko aukera bat zela ikusten zuen, ahalegintzeko aukera bat. «Lehenengoan gauza murritz bategaz geratzen zara, baina denbora igaro ahala konturatzen zara hobeto ulertzen duzula eta gutxiago kostatzen zaizula irakurtzea».
Liburuen nondik norakoetan sakontzeko dinamizatzaileak dituzte ondoan, eta euren laguntza asko eskertzen dute, baina batez ere, idazleen bisitak maite dituzte.
Idazleak. Idazle asko etorri zaizkie. Arkaitz Cano, Jose Luis Otamendi, Leire Ibarguren eta beste hainbat. «Guk irakurtzen dugu, eta ulertzen dugu era batera, eta gero eurek azaltzen digute zer esan nahi izan duten».
Euskal idazleei hurreratzeko aukera hori altxor bat iruditzen zaie. «Gaztelaniazko taldearen aldean abantaila daukagu, gaztelaniazkoei idazle gutxi ekarri ahal zaizkie, guk hurrerago ditugu».
Gai eta estilo ezberdinetako literatur genero ezberdinak lantzen dituzte. «Jose Luis Otamendi Azpeitiko poeta etorri zitzaigun egun batean. Ez gaude ohituta poesia irakurtzera, nobela irakurtzen da sarriago, baina hemen irakurri ditugu bai nobela, bai antzerkia, entsegua, biografiak, bai eta komikiak ere, denetarik. Euskal idazleen lanez gain, itzulpenak ere irakurri ditugu».
Denen artean aukeratzen dituzte irakurgaiak ikasturte hasieran. Liburuak mahai gainean jarri eta partaideek euren iritzia ematen dute. Gero, hileko liburu bat irakurtzen dute, eta hilean behin egiten diren saioetan elkartzen dira liburuaz hitz egiteko. Azaldu dutenez, dinamizatzaileak ematen dio hasiera txokoari, liburuaren kokapena egiten du, eta denen ekarpenetik ikasten dute taldean, liburua ikuspuntu ezberdinetatik lantzen dute. «Baina ez da derrigorra hitz egitea, nahi baduzu bakarrik».
Urrian Xabier Montoiaren Golgota irakurri zuten, eta azaroan Pello Errotaren bizitza, bere alabak kontatua liburua. «Hasiera batean, sekula erosiko ez nukeen liburu bat da, baina asko gustatu zait». Dokumental baten modukoa dela azaldu dute. «Aspaldiko kontuak kontatzen ditu Pello Errotaren alabak. Orain dela 150 urte zelan bizi zen Euskal Herrian oso ondo kontatuta. Liburua oso historikoa da».
Irakurleen Txokoko ateak zabalik daude taldera batu nahi duen guztiarentzat. «Inoiz ez da berandu. Esperientzia bereziak, bizipen onak eta batez ere irakurketagaz gozatzen ikastea da egiten duguna», azaldu du Arriolak. «Ez dakit zelan ez datorren jende gehiago. Euskara irakurtzeko ohitura askorik ez dago, eta jendeari beldurra ematen dio, baina jakinda inor ez gara jaio, denok gaude ikasteko prest» gaineratu du Loiolak. Urtiagari, berriz, «ikaragarrizko opari bat» iruditzen zaio horrelako aukera bat edukitzea.
Taldean harrera ona egingo dietela eta parte hartzera animatu dituzte irakurzale guztiak. «Gauza denetan modura, denborari denbora eman behar zaio, jarraitu egin behar da etortzen onurak apurka-apurka heltzen hasten dira eta. «Lehenengo etorri nintzenean errusieraz arituko balitz modura iruditu zitzaidan, baina jarraitu egin nuen, eta orain pozik nago».