'Aralar, mundua leku den lurra' film dokumentala proiektatuko dute Mutrikun
Bihar iluntzean dokumentala ikustera bertaratzen direnek Aralarko ondare naturala bertatik bertara ezagutzeko aukera ezinhobea edukiko dute.
Naturaren kontserbazioaren beharrari dei zuzena egiten dion filma bihar [abenduak 18] 19:00etatik aurrera proiektatuko dute Zabiel kultur etxeko proiekzio gelan. On produkzioak eta Landarlanek elkarlanean ekoiztutako lanak 85 minutuko iraupena du, eta adituen arabera, Aralarri buruz orain arte egin den “lanik ikusgarri eta osoena” da.
Dokumentala ikustera bertaratzen direnek Aralarko ondare naturala bertatik bertara ezagutzeko aukera ezinhobea edukiko dute. Ikuslea Aralarren murgiltzeaz gain, mendilerroa babesteak duen garrantziaz ohartarazi nahi du lanak. “Filma Aralarko ondare natural eta kulturalaren leiho izateaz haratago, hausnarketa eta gogoetarako bide ematen du. Adituen adierazpenek eta mundu oniriko bateko pasarteek, Nafarroa eta Gipuzkoaren mugan dagoen mendilerroaren balioa ezagutzera ematearekin batera, kontserbaziorako deia egiten dute”.
Film dokumentalak hainbat sari irabazi ditu. Besteak beste, Kalifornian eta Izaban sariak irabazi ditu, eta horrez gain, New York, Alemania edo Bilboko jaialdietan aukeratua ere izan da.