Mutrikun jokatuko dituzte Gipuzkoako zesta-punta txapelketaren finalak
Finala jokatuko duten sei bikoteetatik hiru Mutrikuko Danok Bat Pelotazale Elkartekoak dira. Nagusi mailako txapela etxean geratuko da.
Gipuzkoako zesta-punta txapelketaren finala barikuan [abenduak 20] jokatuko dute Miruaitz pilotalekuan. 19:00etan hasita, kadete, gazte eta nagusi mailako finalak hartuko ditu herriko frontoiak. Txapel bat ziurtatuta dute Danok Bateko puntistek.
Kantxaratzen lehenengoak kadete mailakoak izango dira. Danok Batetik Eñaut, Amets eta Eneritz daude finala jokatzera deituta. Zumaiako Gonzalo eta Haritz Egañaren ariko da bikote hautatua. Gazte mailako finalean, berriz, ez da Mutrikuko ordezkaritzarik egongo. Txapela Donostia Jai Alaiko Victorren eta Alberroren aurka jokatuko dute Hondarribiako Basterrak eta Popek.
Nagusi mailan, azkenik, mutrikuarren arteko norgehiagoka ikusteko aukera edukiko dute zaleek. Bixente Gonzalezen eta Mikel Manzisidorren aurka neurtu beharko dituzte indarrak Unai Alberrok eta Aratz Mendizabal Goixerri-k.
Finalerdiak ere Mutrikun jokatu zituzten aurreko barikuan [abenduak 13]. Bertan parte hartu zuten hiru bikoteek lortu dute finalerako txartela. Danok Bateko ordezkariek azpimarratu dutenez, finalean hiru bikote sartzea oso pozgarria da.
Kadete mailako norgehiagokan Danok Bateko Eñautek eta Ametsek erraz menderatu zituzten Zumaiako Mugerza eta Odriozola; 30-17 irabazi zieten. Nagusi mailako bi finalerdiak ere mutrikuarrek irabazi zituzten. Danok Bateko Bixente Gonzalezek eta Mikel Manzisidorrek nagusitasun osoz irabazi zuten finalerako lehen txartela 30-16 irabazi zioten Eduardo eta Saez zumaiarrei. Unai Alberrok eta Goixerrik, berriz, merezimendu osoz irabazi zuten Cosme eta Uranga zumaiarren aurka finalerako bigarren txartela. Sekulako partidu lehiatua jokatu zuten, eta azkenean, 30-24 irabazi zuten etxekoek.