2020ko helburu nagusiak finkatzeko batzarra antolatu du Mutrikuko Udalak
Mutrikuko udal ordezkariek jakitera eman dutenez, 2020 helburu nagusiak finkatzeko bilera irekia egingo dute eguenean [abenduak 19], 19:00etan, Zabiel kultur etxean.
2020 urtean arloz arlo jorratu nahi dituen helburuak definitzen ari da Mutrikuko Udala, eta udal jardueran parte hartzen duten alderdien ekarpenez eta udal langileek egingo dituzte ekarpenez gain, herritarrek esateko dituztenak ere batu nahi dituzte. Azpimarratu dutenez, bileraren helburu nagusia herritarrak informatzea izango da. “Oinarri horrekin, hala nahi duenak, bere iritzia eman edo bere ekarpenak egin ahal izango ditu. Mutrikuko Udalak dei berezia egin nahi die herritarrei bilera honetara agertu eta beren ekarpenak egin ditzaten”.
Udal ordezkariek azaldu dutenez, batzarrean udal batzorde guztietan 2020 urterako pentsatu dituzten helburu eta proposamenak agertuko dizkiete herritarrei. Besteak beste, honako arloei buruz luze berba egiteko tartea egongo da: alkatetza, ekologia, feminismoa, gazteria, gobernazioa, garapena, kirola, kultura, euskara eta hezkuntza, hirigintza eta jendartea.
Era berean, bertan lantzen diren proposamenak urtarrilean landuko den 2020ko aurrekontuan kontuan hartu nahi dituztela azpimarratu dute, beti ere, udalaren ahalmen ekonomikoaren barruan.