Mutrikuko Barrenkaleko zati bat itxi dute, teilak erortzeko arriskuagatik
Haize ufada gogorrek Olazarra-Mizkia jauregiko lauzpabost teila bota dituzte lurrera. Herritarren segurtasuna bermatzeko itxi egin dute kalea.
Gaur [abenduak 18] goizean hainbat teila erori dira Barrenkale kaleko lurrera, eta bertatik igarotzen diren herritarren eta ibilgailuen segurtasuna bermatzeko, kalea guztiz ixteko agindu du Mutrikuko Udalak. “Neurriak lehenbailehen hartzeko eskatu digute”, azaldu dute udaltzainek. 12:00ak aldean itxi dute kalea, eta arazoa konpondu bitartean, itxita egongo dela iragarri dute. “Laster emango diogu honen berri auzotarrei ere. Kartelak eta seinale bereziak ere ipiniko ditugu”, gehitu dute udaltzainek.
Goizean sekulako haize ufada gogorrak egon dira Mutrikun, eta ustez, horrek eragin du teilak askatzea eta lurrera erortzea. Jakitera eman dutenez, Barrenkale 4an dagoen Olazarra-Mizkia Jauregiko teilatutik amildu dira teilak; lau edo bost denetara. “Udala eraikinaren jabeekin ipini da harremanetan. Astebeteko epea dute, gehienez, solte dauden teilak kendu eta arriskua saihesteko”. Biharko [abenduak 19], bestalde, alerta laranja dago ezarrita haize handiagatik, eta solte dauden teilak kendu ezean, kaleak itxita jarraitu lezakeela iragarri dute udaltzainek, “herritarren segurtasuna bermatzeko”.