Zesta-punta jaialdi solidarioa egingo dute Berriatuan
Urtarrilaren 3an egingo dute Mendibarren frontoian. Aspanovas Bizkaiko Minbizidun Haurren Gurasoen Elkartera bideratuko dute bildutako dirua.
Berriatuko Zesta Eskolak erronka berria du esku artean. Zesta eta elkartasuna batuko dituen ekimena prestatzen ari dira, ilusioz. Haurren minbiziaren kontrako I. Zesta-punta jaialdi solidarioa hartuko du Mendibarren frontoiak, urtarrilaren 3an [barikua]. Aspanovas Bizkaiko Minbizidun Haurren Gurasoen Elkartera bideratuko dute bildutako dirua. Seme-alaben bizitza kalitatea hobetzea da elkartearen helburu nagusia.
Umeen sarrera 5 eurotan jarri dute, eta nagusiena 10 eurotan. 17:00etan umeen kinielekin hasiko dute jaialdia. 20:00etatik aurrera, nagusien bi partidu jokatuko dituzte. Jon-Bilbao eta Antxon-Arriola bikote berriatuarren artekoa izango da lehen partidua, eta ondoren, Hormaetxea-Aimar eta Goikoetxea-Lekue ariko dira. “Bi partiduen tartean ezusteko edo omenalditxo bat egongo da, eta bestalde, Aspanovasekoek euren materiala ekarriko dute saltzeko”, azaldu dute antolatzaileek.
Puntista ezagunen babesaz gain, futboleko aurpegi ezagunen babesa ere badaukate. Musikagaz eta dantzagaz girotuko dute jaialdia, eta zozketak egingo dituztela jakitera eman dute. Athleticen, Realaren eta Osasunaren sinatutako kamisetak, Kepa Arrizabalaga ondarrutar atezainarena, hiru otzara, hiru afari… askotariko sariak banatuko dituzte: “Sarrerekin lortutakoaz gain, zozketetako diru sarrerak ere elkartearentzat izango dira; ahal den guztia bildu nahi dugu. Zesta ezagutzen ez dutenentzat ere ezagutzeko aukera da. Minbizia daukaten umeen familiei laguntzeko era polita da. Ahal dutenek etorri daitezela, euren elkartasuna erakutsiz egun eder bat pasatzera”.
Azken urteetan Donostian egiten duten jaia hartu dute eredutzat. Gipuzkoan Aspanogi elkarteagaz (Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso elkartea) antolatzen du bertako zesta eskolak. “Zeren aldeko jaia egin aztertzerakoan, alboan edo etxean tokatu dena umeen minbizia izan denez, horretara jo genuen. Etxekoen bitartez Aspanovaseko koordinatzaileagaz kontaktuan jarri ginen, eta eurek esku zabal eta poz-pozik hartu zuten gure proposamena”.
Herritarren babesa badaukate, eta espero dute inguruko herrietako biztanleak ere Mendibarrenera joatea. Jaialdiaren berri emanez, bideo bat ere egin dute, eta besteak beste, zesta eskolako kideak eta Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzaile berriatuarra ageri dira, jaialdirako gonbidapena eginez. “Asko gustatu zaio jendeari, baina oraindik gehiago zabaldu behar dugu. Propaganda gehiago egingo dugu”, zehaztu dute antolatzaileek.
Udalaren laguntza ere badaukate. Jon Arriola alkateak berak ere jokatuko du. “Zer esanik ez dago Aspanovas elkarteari laguntzeko jaialdi bat den heinean, udala laguntzeko prest dagoela. Zestak Berriatuan indar handia dauka, eta herrian halako jaialdiak antolatzeagatik, pozik eta harro gaude. Herritar denei eta ingurukoei etortzera animatzeko deia luzatzen diegu”. Ahalik eta jende gehien batzea gura dute: “Ez da frontoi handia gurea, eta espero dugu bete-beteta egotea, helburua elkartasuna da, eta denek partiduekin gozatzea nahi dugu”.
Gainera, ekarpenak egiteko kontu korronte zenbakia ere jarri dute: ES23 2095 0369 2320 9400 4868.
Aspanovas. Osasun, gizarte eta hezkuntza alorreko arreta haur guztiei baldintza berdintasunean heltzeko lan egiten dute Aspanovasen, eta ume bati minbizia diagnostikatzen diotenean, familiak bere aurrean duen arazoa ulertu eta horrekiko sentikortasuna garatzen laguntzen duten topaketa foroak eta ekintzak sortzeko eta sustatzeko helburua ere badaukate.
Arreta psikologikoa eta soziala emateagaz batera, hainbat alorretan laguntza ematen dute. Giza laguntza eta laguntza morala oinarri dituzte, eta, besteak beste, gehien behar duten familiei eta beste osasun zentroetara joan behar dutenenei laguntza ekonomikoa ematen diete. Eskolaratzea errazteko, irakasle taldeei informazioa ematen diete, bai eta ere haurrei eta gurasoei. Horiei beraientzat bereziki argitaratutako material anitzen bidez eskaintzen diete seme-alaben gaixotasunari buruzko informazioa. Halaber, ospitaleratze luzeak direla eta, eskolara joan ezin duten umeentzat arreta hezitzailea lortzeko lan egiten dute.