Azokak eta jaiak, San Tomas Egunean
Lekeition eta Mutrikun azokak egongo dira. Ziortza-Bolibarren herriko jaiak dituzte, eta Ondarroan San Tomas eguna ospatuko dute.
Ekoizleak eta abeltzainak izango dira protagonista Lekeition eta Mutrikun egingo diren azoketan. 38 postu aurkituko dituzte zapatuan [abenduak 21] Lekeitioko santomasetako azokara doazenek, 15 Lea-Artibai eskualdekoak. Haien artean egongo dira Hamen Bertokoakoak. Abenduan martxan izan den produktu sortaren zozketa egingo dute bertan, 14:00etan. Horretarako, ekimeneko kide egitea da baldintza.
Ohikoak diren taloez gain, hainbat produktu egongo dira aukeran: baserriko okela, gazta, ogia, gozoak, arrain kontserbak, ahate produktuak… Era berean, artisauentzako eta eskualdeko abeltzainentzako lekua ere egongo da azokan.
Sari bat ere banatuko dute: mahairik onena erakusten duen ekoizleak jasoko du 300 euroko saria, hain zuzen ere.
Lekeitioko Udalak jakinarazi duenez, egitarauaren helburu nagusia da Lea-Artibaiko lehen sektoreko nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizleen lana sustatzea eta horien produktuen kontsumoa bultzatzea.
Ohiturei eutsita, Mutrikuk ere San Tomas azoka hartuko du zapatuan [abenduak 21]. 10:00etan hasi eta 14:00ak bitartean, Goiko Plazan jarriko dituzte postuak. Fruta, barazkiak, ogia, euskal pastela, gazta, marmeladak, eztia… egongo dira aukeran.
Ekoizleez gain, Etxerat, Zubiel eskulan taldea, Institutuko DBH 4. mailako ikasleak, Musika Eskola eta udan zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundea (GKE) ere egongo dira azokan. Azken horiek Lesbosen ateratako argazkiekin osatutako egutegiak salduko dituzte. Azokaren baitan, taloa eta txorizoa dastatzeko aukera ere izango dute bertaratutakoek. Eta, zelan ez, animaliek ere lekua izango dute.
Eguerdian, gainera, herri kirol txapelketak eta trikitrixa taldearen kalejira egongo dira. Gauean, berriz, MRK gaua hartuko du Gaztetxeak.
Santomasak herriko jaiak dira Ziortza-Bolibarren. Barikuan [abenduak 20] arratsaldean hasiko dira eguna berotzen. Herritarrak frontoian batuko dira talo jana egiteko, eta hainbat jokotan parte hartzeko aukera ere edukiko dute bertaratutakoek.
12:30eko mezagaz emango diote hasiera zapatuko [abenduak 21] jai egunari. Meza ostean, txistulariak kalejiran ibiliko dira. Herritarrek frontoia izango dute bihar berriz topalekua, han egingo baitute herri bazkaria. Abestea gustuko duten horiek, berriz, bazkal ostean edukiko dute aukera; izan ere, karaokea antolatu dute. Eta, eztarriak astindu ostean, baserritar jantziak soinean dituztela, kalejira egingo dute gaztaina erreak jaten hasi aurretik.
Santomasak dantzan amaituko dituzte Ziortza Bolibarren. Frontoira buelta egin, eta euskal erromeriaren musikagaz gorputzak astintzen ibiliko dira.
Ondarroan Zubi Zahar ikastolak girotuko du zapatuan [abenduak 21] Alde Zaharra, beste behin ere. 11:00etan hasita, bertan jarriko duten txosna batean dastatu ahalko dira taloak zein pintxoak, eta edatekoak ere egongo dira. 14:30ak inguruan, txarriaren zozketa egingo dute. Umeentzako tailerrek eta abestiek osatuko dute egitaraua.
EGITARAUA
- Lekeitio: Zapatua [abenduak 21]
– 10:00. Azokaren eta abere erakusketaren hasiera.
– 13:30. Azokaren mahairik onenari saria emateko ekitaldia.
– 14:00. Azokaren amaiera. - Mutriku: Zapatua [abenduak 21]
– 10:00. San Tomas azokaren irekiera, Goiko Plazan.
– 12:00. Herri kirol txapelketak, Beheko Plazan.
– 13:00. Trikitrixa taldearen kalejira.
– 22:30. MRK-ren eskutik eta Abendurocken baitan, MRK gaua, Gaztetxean. - Ondarroa: Zapatua [abenduak 21]
– 11:00-15:00. Zubi Zahar herri ikastolakoek txosna jarriko dute, Alde Zaharrean. Taloak, pintxoak, edariak, txarriaren zozketa, tailerrak eta abestiak. - Ziortza-Bolibar:
- Barikua [abenduak 20]:
– 18:00. Talo jana, frontoian. Arratsaldea girotu aldera, bertaratutakoentzako jokoak egongo dira: txapel jaurtiketa, irrintzi lehiaketa, aulki jokoa… - Zapatua [abenduak 21]. Baserritar janzteko eguna
– 12:30. Meza nagusia
– Ondoren, txistularien kalejira.
– 14:30. Herri bazkaria, frontoian.
– 17:00. Karaokea.
– 18:00. Baserritarren kalejira eta gaztaina jana.
– Ostean, euskal erromeria, frontoian: Mirari, Andonegi eta Lutxurdixo.
- Barikua [abenduak 20]: