Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan emango diote amaiera Xistera Zirkuituari
Nesken finala eta mutilen lehen eta bigarren mailetako finalak lehiatuko dira. Berriatuko, Mutrikuko, Etxebarriko eta Markina-Xemeingo pilotariak daude finaletan. Barikuan hasiko dira jaialdiari lotutako ekimenak.
Dena prest dago Xisteraren Zirkuituko finaletarako, eta beste urte batez, Markina-Xemeingo Uni pilotalekua izango da egoitza. Hiru final jokatuko dira bertan, zapatuan [abenduak 21], 17:00etatik aurrera. Nesken partidekin ekingo diote jaialdiari. Aldazabal eta Calvo eta Merino eta Lizardi neurtuko dira final handi horretan.
Xistera elkartekoek azaldu dutenez, pilotariak ilusioz beterik daude. “Iaz txapela lortu nuen, eta aurten ere saiatuko naiz lortzen”, adierazi du Maialen Aldazabalek. Iaz, Arberekin lortu zuen garaipena, baina Calvorekin ere oso gustura dabilela azaldu du biak dira-eta berriatuarrak. “Guk gure lana egiten saiatu behar dugu, eta aurkariei gauzak zail jarri”, gaineratu dute.
Merino eta Lizardi Gipuzkoako bikotea edukiko dute aurrean. Lizardi finalera heldu zen iaz ere, baina ez zuen garaipena lortu. “Aurtengoan irabaztea tokatzen zait. Finalerdietan gauzak ongi atera zitzaizkigun eta konfiantza handiarekin gatoz finala jokatzera. Ea bigarrengoan txapela lortzen dudan”, esan du atzelari mutrikuarrak.
Ondoren, mutilen bigarren mailako finala jokatuko da. Ibañez eta Olazagazti eta Vidal eta Atain II.a bikoteak neurtuko dira. Horiei ere ilusiorik ez zaiela falta azpimarratu dute Xisterakoek. “Helburua ahalik eta lasaien aritzea izango da, gu geu izatea, eta elkarri lagunduz jardutea. Finalerdietan ongi atera zitzaigun, eta oraingoan ere helburua bera izango da”, esan du Unax Vidalek.
Gorka Mugartegi Atain II.a izango da 15 urterekin final horretako gazteena. Hala ere, etxean aritzeak ez diola presiorik egiten esaten du. “Final honetan egotea gauza handia da, ilusio itzela egiten dit. Etxean jokatzeak indar handia ematen dit, ezagun eta lagun asko etorriko dira eta presioa baino gehiago laguntza izango dela uste dut”, esan du markina-xemeindarrak.
Partidu ikusgarriez gainera, ekitaldiz bete egongo da eguna; gazteen topaketak, bazkaria eta hitzaldia egongo dira
Eskarmentu handia, eta aurten lehen eta bigarren fasetako finalak jokatu dituzten Ibañez eta Olazagazti izango dituzte aurrean. “Irabaztea tokatzen zaigu. Bi fasetako finalak jokatu eta galdu ditugu, orain final handia tokatzen zaigu irabaztea”, aitatu du Ibañezek.
Mutilen nagusien mailako bikoteak irtengo dira azkenak kantxara. Antxon eta Goixerri, Gonzalezen eta Manziren aurka arituko dira. Iaz Antxonek eta Manzik irabazi zuten, eta, aurten, aurrez aurre aurkituko dira. Antxon eta Goixerri aurkari gogor modura ikusten ditu Manzi mutrikuarrak. “Antxon bezalako bat aurrean izateak beti zailtzen du partida. Goixerri ere atzean oso indartsu dabil. Eta gauzak ongi egin beharko ditugu”. Beraz, burua hotz edukitzea garrantzitsua izango dela uste du: “Finalerdietan ere horrelaxe mantendu genuen, gaizki hasi bait ginen, baina, gero, buelta emateko gai izan ginen”. Gipuzkoarrak garbi dauka zer egin behar duten: “Goixerri gaztea da, eta horri erasotu beharko diogu, Antxoni ahalik eta gutxien sartzen utzi jokoan”.
Aratz Mendizabal Goixerri, beste bikoteko atzelaria ere mutrikuarra da. Aurten jokatu du lehen aldiz maila nagusian, eta finalean sartu da. “Niretzat gauza handia da mailaz igo eta finalean sartzea. Finala zaila izango da, aurkariek finalerdietan ere erakutsi bait zuten euren maila” . Bere bikotea, Antxon Alberdi etxebarritarra, beti agertzen da faborito bezala. Final estua izango dela aurreikusten du. Antxonen ustez Goixerriren gaztetasunak ez du eraginik izango. “Erakutsi du nolako maila duen. Honelako finalak jokatzen ohituta dago, eta uste dut bion artean lan oso ona egin dezakegula, nahiz eta irabazteko dena ongi egin beharko dugula jakin”.
Zesta-puntaren jaia. Partidu ikusgarriez gainera, ekitaldiz bete egongo da eguna. Horrela, zesta-punta zaleek goizetik edukiko dute zesta-punta partiduak ikusiz gozatzeko aukera. Xisterak jakitera eman duenez, puntista gazteen jardunaldiak egongo dira 10:00etatik aurrera, Markina-Xemeinen, Etxebarrian, Ziortza-Bolibarren eta Berriatuan. Gero, bazkaria ere egongo da da, eta musikarik eta festa girorik ere ez da faltako. Sarrera doan izango da, eta bertaratu ezin dutenek, finalak streaming bidez ikusi ahal izango dituzte Xisteraren kanalean.
Bestalde, Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskolak eta Zesta Puntaren Lagunak elkarteak antolatuta, Euskal Herriko frontoiak: joko eremuak baino zerbait gehiago hitzaldia egongo da barikuan [abenduak 20] 19:00etan, kultur aretoan. Patxi Juaristi Larrinaga soziologo, idazle eta EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea eta Olatz Gonzalez Abrisketa antropologoa. Gonzalezek pilota ikertu du, eta 2005ean Pelota vasca: un ritual, una estetica liburua argitaratu zuen, eta 2012an Estatu Batuetan atera zuten.