Olentzero eta Mari Domingiren zain
Olentzero eta Mari Domingi zakua opariz gainezka ailegatuko dira. Opor sasoi berezienean eta magikoenean aspertzeko aitzakiarik ez da egongo.
Gabon Eguna ailegatzeko gutxi falta da, eta usadioari jarraituz Euskal Herriko ikazkin famatuena eta Mari Domingi menditik jaistear daude. Beste behin ere, Lea-Artibai eta Mutrikuko herri eta auzoetan opariak eta ilusioa banatzeko prest daude Gabonetako pertsonaiarik ezagun eta kuttunenak. Hainbat herritan egongo dira ikazkinari eta haren laguntzaileari ongietorria emateko kalejirak. Gabon kantak abestuko dituzte herritarrek, merezi duten harrera egiteko.
Dagoeneko urduritasuna nabaria da etxeko txikienen artean. Olentzero eta Mari Domingiren bisita jasotzen goiztiarrenak lekeitiarrak izango dira beste behin ere. Astelehen [abenduak 23] gauerdian, etxerik etxe eta baserriz baserri opariak, ikatza eta magia banatzen, eta gainontzeko herrietan egun bat beranduago egingo dute urtero banaketarik bereziena. Urtero legez, zakua opariz gainezka ailegatuko dira.
Eta opariak etxeetan banatu aurretik ikastetxeetatik ere egingo du erronda bikote ezagunak. Gaur, esate baterako, hainbat geldialdi egingo dituzte bateko eta besteko ikastetxeetan eta plazetan umeen ilusioa pizteko.
Opor sasoi magiko honetan, gainera, ez da aspertzeko aitzakiarik egongo. Barikuan [abenduak 20] hasi eta urtarrilaren 6ra arte, gustu guztietarako aisialdi egitarau zabala antolatu dute: ludotekak, irteerak, tailerrak, antzerkiak, film emanaldiak, magia ikuskizunak, bertso saioak, kontzertuak…
Kultur eskaintza oparoaren artean, Gabon kontzertuak nagusi izango dira datozen egunotan. Kultur ekitaldiez gain, urtea kirola egiten agurtzeko ohitura ere badago egunotan. Hainbat San Silbestre lasterketa antolatu dituzte han-hemenka. Aringa-aringa ezeze, mendi tontorretara igotzeko ohitura ere badago egunotan.