500 artista aurkeztu dira Lekeitioko 31. Kalekara
Proposamenen kopuruak gorantz egin du aurten ere. Aurkeztutako lan horien artean aukeraketa egingo dute orain.
Aurten ere gorantz egin du Lekeitioko nazioarteko kale arteen jaialdian parte hartu nahi duten artisten kopuruak. 31. Kaleka prestatzen hasita dago Lekeitioko Udala, azaroan ireki zuten proposamenak aurkezteko epea, eta guztira, 500 konpainia, artista eta kolektibok aurkeztu dituzte lanak. Euskal Herriko taldeez gain nazioarteko artista ugarik aurkeztu dituztela proposamenak azaldu dute: “Antzerkiak, su ikuskizunak, malabarismoak, tailerrak, ikuskizun ibiltariak edota dantzak daude aurkeztutako proposamenen artean”.
Aurkeztutako lan horien artean aukeraketa egingo dute orain. “Ez da batere erraza izango, baina, urtero bezala punta puntako taldeak izango dira”. Iaz 475 lan-proposamen jaso zituen Lekeitioko jaialdiak, eta horietatik Kale arteetako 25 konpainia hartu zituzten Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdiaren 30. urteurrena ospatzeko. Uztailaren 9tik 12ra ospatuko da Kaleka aurten.