Emozioz bete amaitu da lehen Master Goxua Txapelketa
Berasaluze eta Lander eta Elu eta Olabe izan dira lehen eta bigarren mailetako irabazleak. Finalek jendez bete dute frontoi txikia. Datorren urtean ere txapelketagaz jarraituko dutela aurreratu du Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeak.
Giro ikaragarriagaz amaitu zen barikuan [urtarrilak 3] Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeak antolatu duen pilotari ohien Master Goxua Txapelketa. Finalak ikusteko gogoz zegoen ikuslez bete-bete egin zen Markina-Xemeingo frontoi txikia.
Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko pilotari gazteen lagunarteko lau partida jokatu ziren lehenengo, eta 18:00ak aldera hasi zen bigarren mailako norgehiagoka. Partida laburra izan zen, izan ere, Eluk eta Olabek 18-6 irabazi zieten Laka eta Uberi. Irabazleak 4-1 hasi ziren galtzen, baina berehala hartu zuten agintea, eta tantoak pilatzen joan ziren markagailuan.
Jonroren ordez jokatu zuen Eluk finala. Zumarragarra kanpoan zegoela eta, finalaurrekoa euren aurka galdu zuen Eluk osatu du Olabegaz finaleko bikotea.
Emozioa izan zen nagusi, bestalde, lehen mailan. Tanto bakarragatik lortu zuten garaipena Berasaluze berriztarrak eta Etxebarriko Lander Balserak. 18-17 irabazi zieten Pello eta IƱaki aulestiarrei. Animorik ez zuten falta izan lau pilotariek, Aulestitik ere ikusle asko joan ziren herritarrak txalotzera.
8 tantora eta 10era ere berdindu zuten markagailuan, eta 14. tantotik aurrera estu ibili ziren pilotariak. Frontoi txikian sortu zen hezetasunaren eraginez labainkadaka ibili ziren, eta min ez hartzeko nahikoa behar eduki zuten. Hala ere, dena jarri zuten jokoan, eta ikuskizuna eskaini zuten amaierara arte.
Jarraipena. Lehen Master Goxua Txapelketak edukitako arrakasta ikusita, datorren urtean ere antolatzera animatuko da Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldea. Pello Urionabarrenetxea taldeko arduradunak azaldu duenez, urriaren amaieran edo azaroaren hasieran ekingo diote berriz jokoari. “Parte hartu ez dutenek ere jokatzea nahiko nuke. Bigarren mailan badago jendea jokatzeko modura, esate baterako, eta beste batzuk ere animatuko balira hirugarren maila bat ere antolatu ahalko genuke”.
Txapelketaren balorazio ona egin du Urionabarrenetxeak. “Hasieratik jarraipen ona eduki du, eta arrakastaz amaitu da. Inoizko jende gehien elkartu zen barikuan frontoian finalak ikusteko. Parte hartzaileak ere gustura ibili direla ikusi dugu”.