Markina-Xemeingo Ikasketa Gelak wifi konexioa edukiko du aurrerantzean
Markina-Xemeingo Udalak eta Lea-Artibai Amankomunazgoak sinatutako akordioari esker eskainiko da zerbitzua.
Markina-Xemeigno Udalak eta Lea-Artibai Amakomunazgoak sinatutako akordioari esker, Ikasketa Gelak wifi konexioa dauka urtarrilaren 2az geroztik. Zerbitzu horren truke, udalak hainbat lan egiteko konpromisoa hartu du Amankomunazgoagaz. Akordioa Koldo Goitia Amankomunazgoko lehendakariak eta Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkateak sinatu dute. Ikasketa gela Amankomunazgoa kokatuta dagoen Patrokua jauregian dago (bigarren solairuan).
Ikasketa gela 09:00etatik 22:00etara egongo da zabalik. Erabiltzaileek udaletxera jo behar dute lehenengo, eta bertan dauden bi arduradunen kontaktua emango diote haiekin harremanetan jartzeko. Azterketa garaia izanik erabiltzaile ugari daudela jakitera eman dute gelaren arduradunek, eta zehaztu dutenez, zerbitzua urte osokoa izango da. Gelarako sarrera Amankomunazgoaren atzeko alderdian dagoela ere argitu dute, aparkalekutik igarota. “Batzar gela jartzen duen atetik sartu eta bigarren solairura igo behar da. Igogailua ere badago, behar duenarentzat”, azaldu dute.