Barikuan erabakiko da Markina-Xemeingo Gabon Saria txapelketa
Hiru kategoriatako hiru bikote ariko dira zein baino zein gehiago Uni frontoian. 17:00etan hasiko dira finalak.

Barikuan [urtarrilak 10] jokatuko dira Markina-Xemeingo Gabon Saria zesta-punta txapelketako finalak Uni frontoian. 17:00etan hasiko dira gaztetxoen hiru mailetako norgehiagokak erabakitzen. Maila bakoitzean hiru bikote ariko dira zein baino zein gehiago, 25 tantora jokatuko dituzte kinielak.
2019ko urrian hasitako norgehiagokak maila ezberdinetako 18 bikote atera ditu barikuetan Uni frontoiko kantxara. Kinieletara neurtu dituzte indarrak puntista gazteek, eta puntuak batzen joan dira jardunaldiz jardunaldi. Horrela, kategoria bakoitzean puntu gehien eskuratu dituzten hiru aurrelariek eta hiru atzelariek lortu dute finalean egoteko aukera.
Horrela, hirugarren mailako finalean egongo diren bikoteak Lur Lejardi eta Ander Ulibarri, Txomin Landaluze eta Peio Idoeta eta Estebe Urizarbarrena eta Ur Larrinaga izango dira, bigarren mailan Txanton Maguregi eta Peru Landaluze, Helena Barrenetxea eta Jon Elortegi eta Markel Erkiaga eta Kirmen Etxaburu dira finalistak eta lehen mailan puntu gehien lortu dituzten pilotariak Jokin Maguregi eta Oinatz Garitagoitia, Gillen Pagaldai eta Arai Lejardi eta Pello Ezpeleta eta Joseba Elosegi dira.
Abenduaren 20an amaitu zituzten txapelketako kanporaketa guztiak, eta barikuan erabakiko dira aurtengo txapeldunak.

Bizkaiko Txapelketa. Argazkia: Markina-Xemeingo Zesta Eskola
Bizkaiko Txapelketa. Bestalde, 29. Bizkaiko Kluben arteko txapelketaren finalak jokatuko ziren 2019ko abenduaren 20an Markina-Xemeingo Uni frontoian kadete, gazte eta nagusien mailetan. Kadete mailan Gernika-Lumoko Euskal Jai Alai Zesta Punta Elkarteko Arratibel eta Moreno eta Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskolako Zelaia eta Iriondo puntistak aurkitu ziren aurrez aurre, eta Markina-Xemeingo Eskolako pilotariak jantzi zituzten txapelak 15-30 irabazita.
Gazteen mailako norgehiagokan ere Gernika-Lumoko eta Markina-Xemeingo puntistak ailegatu ziren finalera, baina maila horretan Euskal Jai Alai Zesta-Punta Elkarteko Aranda eta Oier izan ziren nagusi. 30-28 irabazi zieten Markina-Xemeingo Arakis eta Atain II.ri.
Azkenik, mutilen nagusien mailako irabazleak Berriatuko eskolako Antxon eta Lekue izan ziren. Garaipena Berriatura joango zela argi zegoen Berriatuko eskolako bikoteak ailegatu ziren eta finalera. Partida on bat eskainita, Antxon Alberdik eta Roberto Lekuek 30-22 irabazi zieten Jon Mugartegik eta Jon Ruizek osatutako bikoteari txapela lortuz.