Nerea Badiola eta Amaia Galdos arraunlariak eta Inhar Urruzuno harrijasotzailea, Ondarroako 2019 kirol sariak
Urteko kirol talderen saria eskalada taldeari emango diote eta urteko aipamen berezia, berriz, Aitor Aulestiari. Sariak udaberri hasieran banatzeko asmoa agertu du udalak.
Ondarroako Udal Kirol Batzordeak 2019ko kirol sariak jakitera eman ditu. Kirol gala udaberri hasieran egitea aurreikusten badute ere, udalak erabakia publiko egitea erabaki du. Agertu dutenez, sarituek pozik jaso dute albistea. Urteko emakume kirolaria saria Nerea Badiola eta Amaia Galdos Orioko arraunlarientzat izango da, eta urteko gizon kirolari saria, berriz, Inhar Urruzuno harrijasotzailearentzat.
Urteko kirolarien sariez gain, beste bi sari ere banatzen dira. Urteko kirol taldearen saria Tontorramendi Aurrera Mendi Taldeko eskalada taldeari emango diote, eta, urteko aipamen berezia, azkenik, duela hilabete gutxi zendu zen Aitor Aulestiari egingo diote.
Ohi legez, kirol batzordeak herritarrek aurkeztutako hautagaiak kontuan edukita hartu du erabakia. Nagore Badiola Alberdi kirol zinegotziak eskerrak eman nahi izan dizkie horretarako tartea hartu duten guztiei: “Guretzat oso garrantzitsua da kirol sariak jasotzeko hautagaitzak herritarrengandik etortzea”. Herritarrek hilabete inguru eduki zuten kirol sarietarako hautagaiak aurkezteko, eta ostean, udal taldeek eta herriko kirol talde zein norbanakoek osatutako kirol batzordean erabaki zituzten sarituak.