Asebete ez arren, aurrekontua onartu du Etxebarriko EH Bilduk
Aurtengo aurrekontuan koalizioak ezinbesteko ikusten dituen gai batzuk sartu izanak eraman ditu aurrekontuei baiezkoa ematera.
Etxebarriko EH Bilduk 2020ko aurrekontua onartzea erabaki du. Azaldu dutenez, aurtengo aurrekontuan koalizioak ezinbesteko ikusten dituen gai batzuk sartu izanak eraman ditu aurrekontuei baiezkoa ematera, hala ere, «ez dituztela guztiz asetzen» azpimarratu dute.
Aurrekontuari baietza emateko izan dituzten arrazoien artean lau gai azpimarratu dituzte: eskola berria, zerbitzuak, Berdintasun Plana eta gimnasioko hobekuntzak. Azaldu dutenez, EH Bilduren lehentasuna eskola berriaren eraikuntza da. «Printzipioz, aurten, eraikuntzarako, kudeaketarako eta garapenerako dokumentuak egingo dira. Hasiera batean tramite horiek 2020 urte osoa iraungo dute, baina aurreratuko balira, beharrezkoa ikusiko genuke bigarren faseagaz hastea hurrengo urtera arte itxaron barik».
Herrian zerbitzu ezberdinen beharra ikusten dutela ere gaineratu du EH Bilduk. «Garrantzitsua ikusten dugu eskolaz kanpoko eskaintza zabaltzea, herritarrak herrian geratu daitezen». 12-16 urteko gazteei aukerak eskaintzea ere beharrezkoa dela diote, «aisialdiaz herrian bertan gozatu dezaten».
Udalaren oinarrietako bat parekidetasunaren bidean pausoak ematea izan behar da EH Bilduren iritziz, eta horretarako Berdintasun Plana ezinbesteko proiektua dela ikusten dute.
Baietza emateko arrazoi nagusiak aitatutako horiek badira ere, positibotzat jo dute bai eta ere 2020 urtean irisgarritasun ordenantza eguneratzea. «Honi esker igogailu eta abarren diru laguntza errealitatera egokituko da». Bestalde, frontoiko obren hirugarren faseko gastua murrizteko konpromisoa ere beharrezkoa iruditu zaie. Aurreikusitako lau harmailen ordez bi erosiko direla jakitera eman dute. Eta garrantzitsua iruditu zaie bai eta ere udal gobernuak industrialderako autobus zerbitzuaren inguruko txostena aztertzeko konpromisoa hartzea.
Txorroak. Hala eta guztiz ere, aurtengo aurrekontuan lehentasunezkoa ez den proiektu bat ere badago EH Bilduren ustez, Ibaun parkean eraiki nahi duten ur txorroen proiektua, alegia. «Bi urtean 120.000 eurotik gora honetan xahutzea gehiegizkoa dela iruditzen zaigu. Gastuaz aparte, uraren erabilera desegokia egingo da proiektu honetan, eta beronen erabilera urtean 2 hilabete ingurura mugatuko da».
Herrian badaudela proiektu horren aurretik dauden beste beharrizan batzuk dio koalizioak, eta adibide modura jarri ditu autobus geltokia lekuz aldatzea edo eguralditik babesteko markesina bat jartzea edota umeen ludoteka egiteko edo eguraldi txarra dagoenean bertan jolastu ahal izateko lokal bat prestatzea.
Beste alde batetik, aurrekontua eratzeko prozesua parte hartzailea izatea gustatuko litzaiekeela adierazi dute. «Aurrekontua herriarentzako hain gai garrantzitsua izanik, herritar guztiei parte hartzeko aukera ematea beharrezkoa iruditzen zaigu».