Azken urteetako aurrekonturik handiena onartu du Etxebarriko Udalak
Udalbatzak 1,2 milioi euroko aurrekontuari eman dio onespena. Frontoiaren eraldaketa eta eskola berria dira inbertsioen ataleko proiektu nagusietako batzuk.
Etxebarriko Udalak 1.276.605 euroko aurrekontua onartu du 2020 urteko ekitaldirako. Gabonak aurreko azken osoko bilkuran eman zioten hasierako onespena aho batez, EAJren eta EH Bilduren aldeko botoagaz.
Iazkoa kontuan hartu barik, aurreko urteekin alderatuz gero, aurrekontu handiagoa izango da, 60-80 mila euro inguru gehiago edukiko dituzte aurten gastatzeko, hain zuzen. «Iazko aurrekontua handiagoa zen, baina obra baterako diru laguntzak baldintzatuta zegoen. Hori kontuan hartzen ez badugu, azken urteetako handiena da», argitu du Jesus Iriondo Lejardi Etxebarriko alkateak. Azaldu duenez, sarrerei dagokienez, Bizkaiko Foru Aldundiaren Udalkutxa funtsaren igoerak eragin positiboa edukiko du udalaren zereginean.
Gastuen kapituluan, pertsonal gastua 667.980 eurokoa izango da, eta gastu arruntek, argiteria, zerbitzuak eta abar 222.700 euroko kostua izango dute. Bestalde, beste erakunde batzuei bideratzen zaizkien transferentzia arruntak (Amankomunazgoa, Lea-Artibai Garapen Agentzia…) 348.700 eurokoak izango dira guztira.
Inbertsioen atalera 337.224 euro bideratuko dituzte, era askotako proiektuak gauzatzeko
Inbertsioak. Kapitulu garrantzitsua izango da, urtero modura, inbertsioena. Inbertsioen atalera 337.224 euro bideratuko dituzte, era askotako proiektuak gauzatzeko. Horietatik nagusiena frontoiko hirugarren fasea izango da. Ia 109.000 euroko kostua edukiko dute frontoia erabilera anitzeko gune bihurtzeko lanek. Harmailez gain, frontoiko atarietan sarraila elektronikoak jartzeko asmoa ere badauka udalak, eta horretarako beste 3.000 euro gorde dituzte. «Udaletxean eta gimnasioan sarraila elektronikoak jarrita ditugu, eta frontoiko beste ateetan ezartzea falta zaigu».
Bestalde, eskola berriaren gunera zerbitzuak eramateko proiektua egiten hasteko 50.000 euroko kopurua bereizi dute, eta Ibaun parkeko gunea ere egokitzen jarraituko dute aurten. Izan ere, skate parkearen proiektua abiarazi zuen iaz udalak, eta horri jarraipena emateko 64.000 euro dituzte aurtengo urterako. «Ur txorroen parkea eraiki nahi dugu skate parkearen ondoan, eta ur parke horren lehen faserako izango da diru kopuru horren zati bat», argitu du alkateak. Beste zati bat, berriz, Plaza Barriko harmailetako jarlekuetan ohola jartzeko izango da. «Herritarrak, eta batez ere umeak, harri gainean jarrita barik egur gainean jarrita egon ahal izateko».
Horrez gain, zoru garbigailu bat ere eskuratzeko asmoa dauka udalak, «udal eraikin barruetako espazio zabalak garbitzeko», eta 4.000 euro dituzte horretarako; haur eskolarako jolas berriak ere erosiko dituzte (3.000 euro).
Aurrekontuen kapituluetan sartu dituzte 3.000 euro indarkeria matxistaren kontrako ekintzetarako eta Berdintasun Plana egiteko
Urtero modura, baserri bideak konpondu eta udal eraikinen mantenurako ere gorde dute inbertsioen ataleko kopuru bat; 85.000 eurokoa izango da aurtengoa. Eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorrerako (HAPO) 19.440 euro izango dituzte. Otsailean HAPOri lehen onespena eman nahi dio udalak, behin- behinekoa, eta zenbateko hori horretarako behar dutela jakinarazi dute.
Berdintasun Plana. Aurrekontuen kapituluetan sartu dituzte bai eta ere 3.000 euro indarkeria matxistaren kontrako ekintzetarako eta Berdintasun Plana egiteko. Umeei zuzendutako eskolaz kanpoko jardueretara 2.000 euro bideratuko dituzte, eta kopuru bat ere badute gazteei begirako ekimenak antolatzen laguntzeko. Azaroan Bizkaiko bertsolari Txapelketaren finalerdia herrian jokatuko dela eta, 4.500 euro gorde dituzte antolaketarako.