Giro bikainean amaitu da Gabon Saria zesta-punta txapelketa
Ezpeleta eta Elosegi (1. maila), Txanton eta Peru (2. maila) eta Txomin eta Peio (3. maila) izan dira aurtengo irabazleak.
Bariku [urtarrilak 10] arratsaldean erabaki ziren Markina-Xemeingo Gabon Saria zesta-punta txapelketako finalak Uni frontoian. Hiru kategoriatako hiru bikote aritu ziren zein baino zein gehiago, eta azkenean Ezpeleta eta Elosegi (1. maila), Txanton eta Peru (2. maila) eta Txomin eta Peio (3. maila) izan dira irabazleak. Emozioa eta giro ona izan ziren nagusi.
3. mailakoen kinielagaz hasi ziren finalak, eta garaipena Lur eta Anderrentzat izan behar zela zirudien arren, 24. tantoan geratu zen bikotea azken tantoa lortu ezinik. Txominek eta Peiok, berriz, tantoz tanto, 25era arte heltzea lortu zuten. Estebe eta Ur-ek 8 tanto lortu zituzten. “Finala zela eta urduri zeuden bikoteak”, azaldu du Santi Olabe Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskolako arduradunak.
2. mailan Txanton eta Peru izan ziren nagusi, Helenak eta Elortegik 14 tanto eskuratu zituzten eta Erkiagak eta Kirmenek 16. Lehen mailan, ostera, azken orduan finalerako pasea eskuratu zuten Ezpeleta eta Elosegi izan ziren irabazleak. Jokin eta Oinatzek 19 tanto eta Pagaldaik eta Araik 14 tanto lortu zituzten. “Ezpeletak egun oso ona eduki zuen eta Elosegik ere maila ona erakutsi zuen”, zehaztu du Olabek.