Zerbitzariaren matxura konponduta, Lekeitioko Ikusgarri proiekzioak eskaintzen hasiko da asteburuan
Bi asteko etenaldian aretoaren argiztapena ere berritu egin dute; led bonbilak ipini dituzte.
Lekeitioko Ikusgarri zinema aretoak ezin izan du bi astez proiekziorik eskaini, zerbitzaria matxuratuta eduki dutelako. Zinemazaleek jakinarazi dutenez, arazoa konpondu dute, eta asteburuan berriro ere betiko martxan jarraituko dute proiekzioak eskaintzen. “Azken bi aste hauetan asko izan zarete sare sozialen bidez eta kalean zuen kezka eta ardura agertzera hurbildu zaretenok, mila esker guztioi”.
Berriro ere proiekzioekin hasteaz gain, bestelako berrikuntzarik ere egongo dela esan dute. “Geldialdi honen ostean, zerbidore berriaz gain, Ikusgarri aretoko argiztapen berria ere estreinatuko dugu. Zaharkituta zeuden alogenodun bonbilak led motako berriengatik ordezkatu ditugu eta”. Aldaketa horri esker, argi kontsumoa murriztu eta argi distira gehiago egongo dela esan dute.
Gogorarazi dute baita ere gazteen saioa orduz aldatu dela. Hala, aurrerantzean, emanaldi horiek 17:00etan hasiko dira, eta ez 17:30ean.
Aste honetako programazioa. Barikuan [urtarrilak 17] Izaki Gardenak taldearen kontzertua egongo da, 20:30ean. Sarrerak salgai daude, 10 eurotan, Zerbyte informatika dendan, Interneten edo leihatilan bertan (emanaldia hasi baino ordu erdi arinago).
Gazteen saioan Jumanji, siguiente nivel filma proiektatuko dute, zapatuan eta domekan [urtarrilak 18-19], 17:00etan. Nagusientzako saioan Mujercitas proiektatuko dute, zapatuan eta domekan [urtarrilak 18-19] 19:30ean, eta astelehenean [urtarrilak 20], 20:30ean.