Amatxiren istorioa dakar Goitibera konpainiak Uhagon kulturgunera
36ko gerran eta ondoren familia askok bizitako milaka istorioetako bat kontatuko du konpainiak etzi Markina-Xemeingo kulturgunean. 20:00etan hasiko da emanaldia.
Bere amatxiren istorio batetik abiatuz Saioa Iribarrenek idatzi eta zuzendutako Amatxik Dixit antzezlana dakar Goitibera Konpainiak zapatuan [urtarrilak 18] Uhagon kulturgunera. Antzezpena memoria historikoko pieza bat dela azaldu dute Iribarrenek eta Ander Basaldua Goitibera konpainiako kideek, «ukitu komikoa daukan melodrama».
«Nire amatxiren lehengusina bati gertatutakoa kontatzen dugu. Istorio hau pila bat aldiz entzun dut nire familian zatika, eta inoiz ezin nuen istorio osoa osatu», dio Iribarrenek. Hala, ikertzen eta istorioari forma ematen hasi ziren. «Istorioa 36ko gerran hasten da, eta momentu batean Frantziara igarotzen da. Errepublikazale asko Frantziara igaro zirenean naziek harrapatu eta kontzentrazio esparruetara eraman zituzten. Mauthausen, esate baterako, espainiar errepublikazale askok eraiki zuten».
Antzezpenerako berreskuratu duten Marcelina eta Rafaeli gertatutakoa, familia ugarik bizi izandako milaka istorioetako bat dela esan dute, eta garrantzitsua dela gertatutakoak azaleratzea, «oraindik istorio asko daude-eta alfonbra azpian». Gainera, hurrengo belaunaldiekin etendura bat ematen ari dela ikusten dute, «ez da-eta gelditzen jende asko 36ko gerra bizi izan zuenik». Beraz ezinbestekoa dela esan dute aiton-amona edo gurasoen istorioak berreskuratu, mahai gainean jarri eta haien memoriari aitorpena egitea. Eta horrela, jazarpenak eta kondenak sufritu zituzten pertsonei omenaldia da Amatxik Dixit.
Eszenaratzea. Hiru aktore aterako dira oholtzara –Ander Basaldua, Gaizka Chamizo eta Nerea Ariznabarreta– eta elementu gutxirekin, zapi bategaz, eta gitarra eta txirula banagaz azalduko dute istorioa. «Fisikoan oinarritutako antzerki bat da», zehaztu du Basalduak.
20-25 bat minutu iraungo duen pieza amaitutakoan solasaldi bat egiteko asmoa daukate. «Testuinguru historikoa azaldu eta sorkuntzari buruz hitz egingo dugu». Eta publikoa euren istorioak partekatzera ere gonbidatuko dute. «Euren istorioak kontatzera animatzen ez badira ere euren guraso, aiton-amona edo senideei familian gertatutako istorioez galdetzera gonbidatzen ditugu. Hori gure altxorra da, galdu behar ez duguna».
Solasaldia atseginagoa izateko mokadutxoa ere egongo dela aurreratu dute, eta Iribarrenen amatxiren audioa ere jarriko dutela gaineratu du Basalduak. «Antzezpenean erritmo azkarra daramagu, eta audioak istorioa lotzen laguntzen du».
Antzezpena harrera ona izaten ari da, Pabiloi 6ko antzerki arinaren jardunaldietan Kriseilu Saria eta ikuskizunik onenaren Ikusleen Saria irabazi zituen iaz, eta helduei zuzenduta badago ere, 7 urtetik gorakoek ikusi dezaketela azaldu dute. 20:00etan hasiko da emanaldia.