Neguko hilabete hauetan ohikoa da euskal kostaldean itxas txakurrak agertzea, eta halako bat agertu zen atzo gauean [urtarrilak 14], Mendexako Karraspio hondartzan.
(Bideoa: Jare Gallastegi)
Mendexarren eta lekeitarren arreta bereganatu zuen itsas txakurrak, esaterako, 22:00ak aldera, Jare Gallastegi, Naia Prados eta Kattalin Aranzeta lekeitiarrek bertatik paseatzen zihoazela ikusi zuten. “Karraspiora paseatzen joan eta bikote bategaz topo egin genuen. Eurek esan ziguten gure txakurra lotzeko, hondartzan itsas txakur bat zegoelako. Zer pasatzen zen ikustera joan ginen, eta itxas txakurrak amu bat masailezurrean sartuta zeukala konturatu ginen”, azaldu du Gallastegik. Hori ikusita, Ertzaintzara eta 112 larrialdietarako telefonora deitu zuten: “Ertzaintzara, 112ra eta albaitaritza ospitale bateko larrialdietara deitu genuen. Eta esan ziguten gaur goizera arte eurak ezin zutela ezer egin. Ertzaintzen patruila bat etorri zen, baina eurak gaur goizera arte ezin zutela ezer egin esan ziguten. Gaur goizean joan gara, baina ez da bertan egon, eta ez dakigu zer pasatu den itsas txakurragaz”.
Enrique Franco Ambar Itsas Faunaren Ikerketarako eta Kontserbaziorako Elkartearen presidenteordeak adierazi duenez, bertoko kostaldean agertu diren hainbat itsas txakurren berri izan dute egunotan: “Negua hasten denean agertzen dira hemen lehenengoak, eta gutxi gorabehera martxora arte agertzea ohikoa da. Egun bakoitzean hondartza batean agertzen dira; kostaldetik mugitzen ari dira. Bart gauean Gipuzkoako koastaldean, esaterako, lau bat egon dira. Itsas txakur gris eta gazteak dira, udazken honetan Britainian jaiotakoak. Amek titia kentzean, noraezean ibiltzen dira. Horregatik, batzuk gure kostalderaino iristen dira”. Hilabete gutxiko itsas txakurrak direla dio: “Arrantzan, jaten egoten dira eta iluntzean kostaldeko lekuren batera joaten dira atseden hartzera. Ohikoa da hondartzetan, portuetan edo haitz artean agertzea”.
Gomendioak. Francok gogora ekarri du hainbat neurri hartzea garrantzitsua dela. Arriskutsuak izan daitezke, eta beraz, segurtasun neurriak hartzea komeni dela nabarmendu du: “Txikiak dira, baina hortz zorrotzak dituzte”. Norbaitek itsas txakur bat ikusiz gero, 112 larrialdietarako telefono zenbakira deitzea eskatzen dute. “112tik gurekin harremanetan jartzen dira”, azaldu du Francok.
Berarengana ez hurbiltzea aholkatzen dute: “Ematen ez badu ere, oso bizkorrak dira. Eta txakurren bategaz edo egonez gero, txakurra lotzea eskatzen dugu. Itsas txakur baten haginkada bategatik hanka barik geratu denik ere badago”. Halaber, itsasora bueltatu dadin bidea libre uzteko ere aholkatzen dute: ” Ez da komeni bera inguratzea, urduri jarri daitekeelako. Animalia basatiak dira; inori ez litzaioke bururatuko lehoi batengana hurbiltzea”.
Ugaztunak direnez, gizakiei gaixotasunen bat transmititzeko arriskuaz ere ohartarazi du Francok: “Horregatik, onena ez ukitzea da, eta lasai uztea, bera bakarrik bueltatuko delako itsasora”. Ambar elkarteko kideek aztertzen dituzte: “Jarraipena egiten diegu. Aurreko egun batean, itxas txakur bat hilda aurkitu genuen Errenterian. Nekropsia egin genion, baina oraindik ez daukagu haren emaitzarik. Beraz, oraindik ez dakigu zergatik zendu zen”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.