Kaioak balioan jartzeko hitzaldia, Lekeitioko Azkuen aretoan
Hitzaldia eguenean [urtarrilak 16] izango da, 19:00etan. «Atabakak Garraitz irlako ondare historikoa eta ondare naturala balioan jarri nahi ditu. Kaioak ere ondare naturala dira».
Lekeitioko Atabaka kultur elkarteak antolatuta, kaioak balioan jartzeko hitzaldia eskainiko da eguenean [urtarrilak 16], 19:00etan, Lekeitioko kultur etxeko Azkue aretoan.
Gure kaioak izenburua dauka hitzaldiak, eta Atabakak Garraitz 25 proiektuaren barruan antolatu du. «Atabakak Garraitz irlako ondare historikoa eta ondare naturala balioan jarri nahi ditu. Kaioak ere ondare naturala dira», zehaztu dute Atabakaren ordezkariek.
Hitzaldia Aranzadi zientzia elkarteko Maite Laso eta Nere Zorrozua ornitologoek eskainiko dute. Atabakakoek esan dutenez, Lekeition kaioak ez daude oso ondo ikusita. «Ondarroan, esaterako, herritarrek kaioak maite dituzte. Aranzadikoek ondarrutarrek kaioekiko duten jarrera positibo hori berretsi digute. Lekeition, baina, bestelako jarrera bat dago, kaioen ez oso aldekoa. Hitzaldiagaz kaioek daukaten garrantzia azpimarratu nahi dugu».
Hizlariei dagokienez, Laso Biologian lizentziaduna eta Lurreko Ekologia eta Biodibertsitatearen Kudeaketan masterduna da. Gaur egun, EAEko hegaztien migrazioaren inguruko tesia egiten ari da Aranzadi eta Euskal Herriko Unibertsitateagaz. Horrez gain, 2011tik, Aranzadiko eraztunle aditua da.
Bestalde, Zorrozua Ingurumen Zientzietan lizentziaduna eta Biodibertsitate, Ekosistema eta Funtzionamendu masterduna da. Gaur egun kaio hankahoriaren ekologia trofikoari buruzko tesia egiten ari da Aranzadiren Ornitologia Sailean. 2016tik, gainera, Ornitologia Saileko hainbat proiektuetan ere parte hartzen du, hala nola, ingurumen hezkuntzan eta hainbat eraztunketa proiektutan.